Niri bizpahiru ailegatu zaizkit belarrira, Groseko lagun bat, adibidez, kezkatuta dago higiezin bat, inmobiliaria bat, Zurriola inguruko etxe guztiak erosten ari delako. Londres erdigunean ere –hara maiz joaten den lagun batek kontatua– ez omen dago bizitzerik prezioak direla eta. Bartzelonan, aldiz, turismoaren izenean egin diren gehiegikeriei muga jarri nahian dabiltza?
Natorren gurera, ordea. Ez naiz ni izango Orion turismoa bultzatu beharrik ez dagoela esango duena; urruti gaude Zarautz, Getaria eta Zumaiaren bisitari kopuruetatik. Are gehiago, gure berezitasunik handiena ondatu genuenetik –herritik hondartzaraino doan kilometro berde, urdin eta horia– zeregin handirik ez daukagula esango nuke, paseora, hain justu, turista pilatik ihes etortzen direnak salbu!
Turismoa erakartzea beraz bale, ondo, baina ez edozer, eta ez edozein preziotan. Esate baterako, Udaleko mahai gainean omen dago gaia: plazak asteburuan oinezkoentzat, peatonala, izateari lagatzea, zenbait tabernek ez dakit zenbat bezero galtzen omen dituztelako. Astebukaeran norteko iturritik Aritzagaraino egoten den bizi kalitateak ez du preziorik!