Gertu da Balearen eguna, eta herritar asko dagoeneko jantziak prestatzen ari da. Udalak, 1901ekoak bezalako jantziak janzteko hainbat proposamen egin ditu.
Emakumezkoek gona luzea, mantal handia eta blusa erabiltzea proposatzen dute. Oinetan alpargatak jartzea gomendatzen dute, zuriak edo beltzak eta, galtzerdiak jantzi nahi izanez gero, alpargataren kolorearen araberakoak izatea proposatzen dute: galtzerdi ilunak alpargata zurientzat eta alderantziz. Ilea jasota eramaten zuten garai hartan, edo buruzapiarekin estalita.
Gizonezkoentzat galtza ilunak, gerrikoa eta alkandora eramatea proposatzen dute, guztiak zabalak. Oinetan, emakumezkoek bezala, alpargatak janztea da proposamena eta, nahi izanez gero, txapela buruan.
Kolore elektrikoak izan ezik, beste edozein dira egokiak. Bestalde, marinel jantziak eta mahoizko galtzak edo gonak ere erabil daitezke, alkandora zuriarekin eta alpargatekin. Argazkian janzteko edo ilea jasotzeko hainbat eredu ikus daitezke.