Txikitik handira

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Manterola 2016ko mar. 21a, 12:50

Sinesten dut borroka txikietatik lortuko dugula handiagoak irabaztea. Horregatik, eta pixa  gainean egin nahi ez dudalako, ez ditut aintzat hartuko komunetako ateetan dauden marrazkiak.

Atea ireki eta parekoak: konfundiu in tzea.

Aurpegi lasaia nik, 20ko ilara dagoela neskenetan eta nola ez naizen bada sartuko mutilen komunean. Aho bete enpaste bera, trabestiz osatutako trainerua ikusi izan balu bezala. Honek ez du nire maskuriaren tamaina mikroskopikoa ezagutzen.

Intsumisioa gauza ederra da justuak ez diren legeen kontra. Are eta gehiago, legea baino, oinarri zentzudunik ez duen ohitura bat besterik ez denean. Ez dut ulertzen ditxosozko banaketa hori komunetan eta nire egunerokotasunean izugarrizko eragina du –ikus aurreko paragrafoa–. Beraz, IN-TSU-MI-SI-OA!

Intsumisioa praktikatzea gogorra izaten da. Ez da erraza pixaguraz datorren tipoari ni zure aurretik nago esatea, atean gonarik gabeko panpinaren irudia seinalatuz zorrotz begira duzula. Ezta lanpostu berri bat lortu nahi, elkarrizketa batetara joan eta CVari erreparatu aurretik gure egoera pertsonalari lotutako galderak egiten hasi denari ez dut erantzungo esatea ere.

Orain gutxi lan elkarrizketa bat izan nuen. Sartu aurretik ordu laurden bat eduki ninduten itxaron gelan, zain. Minutu gutxi batzuetako denbora eterno horretan ezkondua ote nengoen, seme-alabarik ba ote nuen, izateko asmorik ba ote nuen... galdera ilegal horiei zer erantzungo ibili nintzen. Nerbioso, kaka mariatzen, alegia.

Sartu eta presio eltze baten gisako psssssssssssssss bat sumatu nuen hau entzutean: Manterola anderea, enpresa honek  parekidetasun protokolo bat du. Egindako galderaren bati pertsonalegia irizten badiozu lasai egin uko erantzuteari. Eta normala beharko lukeen hura, loteria tokatzearen pareko iruditu zitzaidan.

Beste joko klase bat izaten da ohikoena. Lagun batek kontatu zidan berari elkarrizketa batean egindako galderen zerrenda: ezkondua? Seme-alabarik? Zenbat? Zer adinetakoak? Zer sexutakoak? Gizonaren lantokia, lanpostua?  Seniderik? Harreman ona al duzu ahizparekin? Eta bukaeran traka finala: konstantzia handiko pertsona zarela esan duzu, beraz, etxean zuk agintzen duzu, ezta? Ilegal maila gorena; bingo!

Sinisten dut borroka txikietatik lortuko dugula handiagoak irabaztea. Horregatik, eta pixa gainean egin nahi ez dudalako, ez ditut aintzat hartuko komunetako ateetan dauden marrazkiak. Balio diezadala egunen batean, arrazoi osoz, ez dut erantzungo esateko. Balio dezala horrelakorik inork ez bizitzeko; epe motzean bada, hobe.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide