Gustuko lanak baliorik ez?

Jon Garate 2016ko mar. 21a, 12:48

Ikus-entzunezko komunikazioko ikaslea naiz. Jada gradua amaitzear nago. Hiru hilabete falta zaizkit bukatzeko.

 

Ikasketak amaitzen ditudanean, ikasi dudanetik bizitzea gustatuko litzaidake. Telebistan, produkzioan, aurkezle lanetan, irratian, bideogintzan... Berdin zait zein arlotan aritu, denak atsegin baititut. Eta hori da hain zuzen ere arazoa. Jendeak ez duela ulertzen norbaitek gustuko lana izatea.

Askoek lana obligazioarekin edota sufrimenduarekin lotzen dute. Nik berriz, nire lana atsegin dut. Horregatik batzuek uste dute nirea ez dela lanbidea, hobbya baizik. Azken hilabeteetan zenbaitetan kaletik geratu eta esan izan didate: Hi, bideo bat egingo didak? Oso ona haiz horretan eta gainera gustatzen zaik. Asmo txarrik gabe esaten didate, baina nik sentitzen dut nire lanak ez duela baliorik. Behin lankide batek esan zidan: Zuk igeltsero bati eskatuko zenioke zure etxean pareta bat eraikitzeko dohainik? Ez ezta? Ba niri ere ez. Atsegin dut nire lanbidea. Baina lanbidea, ogibidea ere bada. Egiten dudanagatik kobratuko ez badut, nondik biziko naiz?

Hori du gustuko lana izateak. Pozik egiten duzula eta, gainera, ordaindu egiten dizutela. Suerte ikaragarria da. Baina jendeak ikasi behar du, lana gustura eginagatik ere, berdin-berdin balio duela esfortzuak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide