Emakumeen Nazioarteko Egunean izan zen udalbatzarra. Atzo. Iluntzeko 19:00etan. Kontzentrazioaren ordu berean. Eta horregatik, ez-ohiko bilkura hasi baino lehen plazara jaitsi ziren politikari guztiak eta bat egin zuten Xaltxerek antolatutako ekimenarekin.
Ubegunek hartu du Iribarren tokia
Kontzentrazioa bukatzean hasi zen udalbatzarra. Lehendabizi Aizpea Ubegun Manterola Orioko zinegotzi izendatu zuten, aho batez, inongo arazorik gabe. Alkateak ongietorria eman zion Ubeguni. Ubegunek orain arte Amaigoa Iribarrek zuen postua beteko du, eta Iribarrek zituen batzorde berberen ardura izango duela argitu dute. Nekazaritza, Arrantza, Industria, Merkataritza eta Ostalaritza batzordeko kide izango da.
Batzorde informatzailean aldaketa txiki bat
Ondoren, abenduko 30eko ez-ohiko bilkurako aktaren zirriborrioa onartu zen, aho batez. Eta, ondoren, Udaleko batzorde informatzaile iraunkorren osaketa aldatu zen. Bi batzorderi eragiten zien: Kultura, Turismoa eta Euskara, eta Obrak, Zerbitzuak eta Hezkuntza batzordeei. Alkatetzatik zetorren proposamena ere onartu egin zen, hortaz, aurrerantzean, batzordeburuak berdinak izaten jarraituko duten arren –Lourdes Salsamendi eta Aitziber Campos–, euskerako gaia beste batzordera pasako da.
Orainek ekarpen bat egin nahi izan du. Aldaketa hori izango zela imajinatzen zuten arren, ordura arte ez zekitela aipatu zuten. Eta, berei, adibidez afektatu egiten dietela, beste zinegotziaren gain gelditzen baita euskararen ardura. Hortaz, proposamen bat egin du, alternatiba gisa, egoera ez zailtzeko. Guztiek onartu dute proposamen hori aztertzea.
6.930 euro aurreztuko dira urtean
Alkateak proposatzen duen aurrekontua 6.964.460 eurokoa da. Horietatik, inbertsioetara, bi milioi bideratuko ditu. Baina bada denbora luzez eskatu duten aldaketa bat aurrekontuetan. Izan ere, alkateak bi zinegotziri erdi mailako kategoriatik jaistea proposatu zuen. %11,77 aurreztuko litzake horrela gastuetan, urtean, 6.930 euro.
Diru hori Antxiola kalea irisgarri egiteko bideratuko da. Beste alderdi guztiek beren esker ona azaldu zuten jaitsieragatik. Askotan eskatutakoa lortu dutela azpimarratu zuten, eta pozik agertu ziren horregatik. Diru hori Antxiolara bideratzeak bereziki poztu zituen PSE-EEko eta Oraineko kideak.
EH Bilduk ordea kontra bozkatu zuen bozketan. Aurrekontua lantzeko prozesua desegokia iruditu zaie EH Bilduko kideei. EAJk konpromiso gutxi erakutsi duela azaldu dute. Soldata jaitsiera ere, beharrezkoa ikusi arren, jaitsiera txikiegia iruditu zaie, besteak beste.
Joxe Anjel Zaldua alkateak erantzun zien esanez berak 2014an egindakoa ardatz hartu dutela aurrekontuak egiterako garaian.
Orainek eta PSEk ere hitza hartu zuten eta beren zergatiaren baiezkoa azaldu zuten. Orainek, esaterako, beren pgoramako hainbat puntu aintzat hartu dituztelako eman zuten baiezkoa. Eta PSE-EEk argudiatu zuen berak aurrekontuari baiezkoa emateko alkateak sozialistek egindako zazpi proposamenak onartu behar zituela, eta horrela izan da.
Gehiengo absolutuarekin onartutako hainbat puntu
Udalaren 2016ko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onartu zuten, 13 aldeko botorekin, aho batez. Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta Orioko Udalaren artean sinatuko den elkarlanerako hitzarmena ere onartu zen, 9 aldeko botorekin eta 4 abstentziorekin. EH Bildu izan zen abstenitu zena. Trafiko-zigorretarako prozedurari dagozkion ekintzak bitarteko elektrikoen bidez egitea da elkarlanaren funtsa.
Ondoren, Orioko Udaleko kontratazio-mahaia osatzeko proposamena egin zen. Mahaiko lehendakaria alkatea izango da. Bi kide izango ditu: idazkaria eta udal teknikaria. Eta alderdi bakoitzeko ordezkari bana ere izango da mahaiean. Mahaia 2019an bukatzen den agintaldi honetarako osatuko da, udalbatzar berria osatu bitartean. Aho batez onartu zen, 13 aldeko botorekin. Eta, gehiengo absolutuarekin ere onartu zen udal kanpineko tarifak biribiltzea.
Emakumeen eskubideen aldeko bi keinu
Batetik, EUDELek bidaliko adierazpen instituzional bat onartu zen zazpi aldeko botorekin. Orain eta Eh Bilduk abstentzioa bozkatu zuten, eta, horrez gain, EH Bilduk hainbat ekarpen egin nahi izan zizkion testuari. Ekarpen horiekin mozio alternatiboa eratu zuten, eta mozio horrek zazpi aldeko boto eta 6 abstentzio izan zituen. Abstenitu zena EAJ izan zen.
Amaitzeko, Orioko Xaltxerek aurkeztutako mozioa onartu zuten emakumeen eta herri kurduaren aldekoa.