Gazteek aukera errealak dauzkate

Karkara 2016ko mar. 4a, 15:31

Ekainaren 19an, Sevillako Guadalquivir ibaian CaixaBank Koroaren aldeko lehia hasiko da. Orioko taldea gogor ari da entrenatzen hitzordurako.

Aurreko urteetako ohiturari segida eman zaio aurtengoan ere, eta Bartzelonan eta Malagan egin ondoren, Sevillan irekiko da San Miguel Liga.  IV. Euskadi Basque Country Bandera egongo da jokoan. Espainiar estatuaren hegoaldean egitearen arrazoia traineruen bidez Euskadiko turismoa sustatzea da. Horretarako hainbat ekitaldi antolatuko dira Sevilla hirian, baina ekitaldi guztietan garrantzitsuena, ekainaren 19an, eguerdiko 12:00etan hasiko den San Miguel Liga da.

Guadalquivir ibaia izango da 12 traineruren topagunea. 12 traineru horietako bat Oriokoa izango da. Tosta osatzen ari dira orain, irteera horretarako prestatzen. Neguko prestaketa honetan bi trainerutan dabiltza orioko arraunlariak. Joxean Olaskoaga Aizperrok azaldu duenez, nahastuta aritzen dira. Bi traineru osatzen dituzte, baina aldiro arraunlari ezberdinek osatzen dute trainerua. Harrobiko lana ari gara egiten, laburtu du Aizperrok.

Harrobiari eman nahi dio protagonismoa entrenatzaileak. Gazteei aukera ematen gabiltza orain. Ilusioa dute, motibatu egiten die aukera izateak, eta horrek beste jarrera bat izatea dakar, azaldu du. Aukerak errealak dituzten galdetuta, argi erantzun du: bai. Lehen traineruan harrobiko bi edo hiru arraunlariak tokia izango dutela aurreikusten du dagoeneko entrenatzaileak. Gu ere gazteak izan ginen eta aukera eman ziguten; guk ere aukerak eman behar ditugu.

Orain arte probak egiten aritu dira, harrobikoak eta orain arte lehen taldekoak ziren arraunlariak nahastuz. Asteburuko estropada mugarria izango da, hemendik aurrera trainerua osatzen eta fintzen joango baitira. Ekainaren 19a urruti dagoen arren, hara begira dabiltza lanean. Azken hiru urtetan Basque Country bandera Urdaibaik, Oriok eta Hondarribiak lortu dituzte eta oraingoan ere banderaren aldeko lehian egotea gustatuko litzaieke. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide