Oriotarra da Aizperro. Lehendik ere Mirotza izandakoa, edo, hobe esanda, soinean izan duen kolorea izanda, beti Mirotza. Orioko Arraunketa Elkartean hasi zen arraunean, harrobiko mutila da, beraz. Arraunean urte mordoa egin ondoren, entrenatzaile lanetan ere aritu zen, 2006 urtetik 2010 urtera. Oriok azkenekoz Kontxa irabazi zuenean, bera zen entrenatzaile. Orain, bost urte eta gero, etxera itzuli da.
Zurrumurru askoren ostean, konfirmatu da, Orioko entrenatzaile berria izango zara.
Horrela da, bai. Pozik nago berriz ere Oriora bueltatzeko aukera izan dudalako. Ez da erraza horrelako aukera bat izatea, baina eduki dut. Eta pozik, noski. Nik uste dut sorpresan harrapatu ziela Igorren agurrak, eta berak ere hori pasa ostean erabakia hartu eta guztia finkatu nahi zutela pentsatzen dut. Niri pasa den astean deitu zidaten eta guztia azkar itxi genuen. Oso azkarra izan da guztia.
Azkarra, erabakia hartzea erraza izan zaizulako?
Bai. Ilusioa egin zidan deitzeak. San Pedron nengoenez, lehendabizi berekin hitz egin behar nuela esan nion Iboni. Pausoak ongi eman nahi nituen. Berekin hitz egin nuen eta nire asmoak azaldu nizkien.
Segituan animatu nintzen, egia esan.
Arraun egitetik entrenatzaile izatera pasako zara.
Aurten lasaiago ibili naiz San Pedron. Kotxea hartu eta hamabost minututan han nengoen, ez nuen Bilborainoko bidaia egin behar autopistan. Lasai ibili naiz. Baina, dena den, arraunak nekatuta ninduen eta utzi egin behar nuen. Asmo hori neukan. Baina Oriorekin aritzeak ilusio handia egiten dit. Motibatuta nago.
Lehenago ere izan zinen Orioko entrenatzailea. Zer oroitzapen dauzkazu?
Oso politak. Jende gazte asko bildu ginen, kuadrilla polita osatu genuen. Oroitzapen oso onak dauzkat. Eta orain, berriz ere ilusioa piztu zait, eta, gainera, gazteak datozen bezala ikusteak ere ilusionatzen dit. Ea zer maila daukagun. Nik ilusioa daukat, etxera buelta beti gogotsu egiten baita.
Igorrek zioen Oriok irabazteko nahia eta beharra duela. Zuek ere irabazteko helburua duzue?
Beti irabazi nahi da, eta are gehiago Orion. Baina lehendabizi taldea ikusi behar da, ea nola gauden. Zaila izango da aurtengo Hondarribia eta Urdaibai gainditzea. Oriok ere oso maila ona eman du aurten. Nik uste dut borrokan ibiltzeko taldea egingo dugula, baina negua pasatzean ikusiko dugu zein maila daukagun.
Lehen erreakzioak oso onak izan dira, aldekoak. Horrek poztu egin al zaitu?
Argi dago baietz, bestela ez nintzen etorriko. Mutilek ea joatea nahi zuten galdetu nion Iboni. Niretzat hori garrantzitsua da. Baietz esan zidan, mutilek nahi zutela ni han egotea. Hainbat mutilek ere deitu zidaten animatzeko esanez.
Niretzat mutilek zurekin gustura egotea ezinbestekoa da, bestela ez nintzake horrelako proiektu batean sartuko. Giro ona beharrezkoa da.