Iaz sortu zen Gure Bazterrak. Lehen alearen ondoren, iristear dago bigarrena.
Iazkoak harrera ona izateak eragina izan du aurtengoa egiteko garaian, baina, hasiera-hasieratik asmoa Gure Bazterrak festibala urteroko zita izatea zen eta kontzertuetara joateko ohitura sortzea.
Oinarriari heldu diozue, beste behin. Talde guztiak Euskal Herrikoak dira.
Bai. Hori da gure oinarrietako bat.
Gure bazterretako hainbat artista ezagutzeko aukera ematen du festibalak, hainbat estilotako musikariak bilduko baitira. Zergatik egin duzue aniztasunaren aldeko hautu hori?
Ezin dizut ukatu, hasierako kartela ezin izan dugula bete, batzuen cacheta ezin baitugu onartu. Batzuek ez dute ulertzen nora datozen, ez dute bat egiten gure filosofiarekin; hortaz, ezinezkoa zaigu talde horiek ekartzea. Gure hasierako kartel edo asmo hori %70ean bete da. Aldaketak egin behar izan ditugu, baina amaierako emaitzarekin gustura gaude.
Talde anitzak dira, bai, baina hori ere bilatzen dugu.
Aukeraketa horretan kontuan izaten duzue Orion, gutxi gorabehera, zer musika entzuten den? Edo, kontzienteki hartutako erabakia izan da urtero musikari oriotarren bat izatea?
El_Txef_A, esaterako, bai etorri dela horregatik. Nik izugarrizko gogoa daukat bera ikusteko, hori ere horrela da; baina, Gure Bazterrak ez da festibala bakarrik. Urtean zehar hamaika ekintza egiten ditugu, tartean, eta harrera onena dutenak, Kalakariko DJ kontzertuak dira. Kontzertu horietara joaten den jendea oso fidela da, antolatu dugun guztietan hor izan dira. Berei eskerrak emateko modu bat da El_Txef_A ekartzea.
Esan bezala, festibalaz harago, beste hamaika ekimen egiten dituzue...
Bai. Urtean zehar ekintza mordoa egin ditugu eta ondo joan zaizkigu guztiak, finean, ziurragoak dira horiek ondo ateratzea. Aurretik badakigu, gutxi gorabehera, zer nolako harrera izango duten. Kontzertuak tabernetan izaten dira, udalekuetara ere bagenekien zenbat haur joango ziren... Zailena, festibala da. Hori da zalantza handia eragiten diguna, baina, aldi berean, garrantzitsuena. Urtea ixten duena eta datorren urtekoari hasiera ematen diona da festibala.
Aurtengoan, zenbat sarrera saldu dira oraingoz?
Ez dakigu aurtengoak zer nolako harrera izango duen. Zaila da oso aurretik sarrerak saltzea, egunean izaten da mugimendu gehien.
Aurrera begira, bide honetan jarraitzeko asmoa al daukazue?
Festibala egiteko arrazoietako bat Orion kontzertuetara joateko ohitura sortzea da. Badakigu musikzaleak, kanpotarrak, etorriko direla. Baina badu helburu gisa oriotar musikazale eta ez hain musikazaleak etortzea. Ea hori lortzen dugun.
Aurrera begira, festibalarekin jarraitzeaz gain urteko ekintzekin ere jarraitzea da asmoa.