Autobuseko leihotik itsasoa ikusten dudanean badakit etxean naizela.
Hala esaten zidan lagun batek, astea kanpoan igaro ostean ostiralean bueltako bidea hartzen zuenean. Gehiegikeria hutsa zela pentsatzen nuen, maleta hartu eta geltokira abiatzen nintzenean iruditzen baitzitzaidan niri hasten zela asteburua.
Orain, iritziz aldatu dut. Edo iritzia bere kabuz aldatu zaidala konturatu naiz. Kostaldetik hain urrun egonda, etxean izan nintzen lehen eta azken aldian, egunero itsasertzera hurbildu nintzen, nire borondatez edo nire inkontzienteak hala erabakita izan zen jakin gabe. Kalera atera nintzen guztietan itsasoaren aurrean amaitu nuen, horretarako asmo jakinik izan gabe.
Itsasoak dena goxatzen du, tenperatura bereziki. Etxetik hiru gradurekin atera eta eguerdian 25 ºC egotera zail zait ohitzen. Jendearen izaera ere goxatzen du, eta atseginagoak garela esatera ausartuko naiz. Hemengo lagun batek itsasotik urrun bizi direnengatik pena sentitzen duela esaten du. Ez du arrazoi bat ematen asmatzen, baina aurpegian antzematen diot benetan hala sentitzen duela.
Egia esanda, etxetik kanpo daramadan hilabete eskas honetan, agian, bizitako nahigabeak goxatuko zizkidakeen itsasoak: Arantza Quirogaren dimisioaren arrazoia, Realaren porrotak, arrastaka naraman orkatila hau, edota, bidean ahaztu ditudan gainerako guztiak.
Bainuontzia urez bete eta kaioen kantu hotsak jartzeko esan didate. Kresal usaina honaino nola ekarriko dudan galdetzen diet nik. Badira imajinazioak bete ezin ditzakeen hutsuneak, eta horietako bat da itsasoarena. Suposatzen dut falta zaizun arte, ordura arte izan duzula ohartzen ez zaren altxor horietako bat dela. Musika aparailua Gatiburen Biarritz abesten hasi zait, nire egoera animikoaren jakitun edo. Itsasoari begire...
Transzendentalegi jartzen ari naizela pentsa zenezakete, baina itsasorik gabeko lekuetan bizitzen ikasi egin behar da. Ikaste prozesua zail gertatzen den egun horietako bat dut gaurkoa. Egun denak ez dira berdin, eta bizitza egunero hasten delako idazteari utziko diot, nire buruari trauma eragin aurretik. Itsasoaren faltan, moila bazterretik erriora begira.