Erdi kanpotik eta erdi barrutik bizi ditut aurten Gazte Festak. Ez naiz beste urteetan bezain barruan egon, ezta erabat kanpoan ere. Hainbat faktore izan dira nire inplikazio maila txikitu dutenak, baina hori beste kontu bat da.
Oraingoan herriko gazteen lana goraipatzera nator. Izan ere, bileratara joan eta azkenaldian huts eta ilun sentitzen nuen gaztetxea jende berriz beteta ikusteak barrenak mugitu dizkit. Barrenak hainbat gauzek mugitu dizkidate.
Orain arte horrelako festarik antolatu ez zuten gazteek –asko ez nituen ezagutu ere egiten, urte askotarako– erakutsi duten gogoak, adibidez. Ez dira gutxi izan, eta hori fundamentua!
Beteranoek ere ez dute gutxiago merezi. Beste urteetan topera aritutakoak, berriz ere, martxan ikusteak asko poztu ninduen. Galdutakoa berreskuratzeko gogoa zegoela ikusten zen.
Parte-hartzea ere txalotzekoa izan zen. Aitortu beharra daukat banuela beldur pixka bat, baina paella lehiaketaren egunean plazan sortu genuen laranja koloreko mareak segituan uxatu zituen nire beldurrak.
Kixkurne ere oso dotore zegoen plazan zintzilik. Beste mila gauza ere esango nituzke, baina ez dut tokirik.
Orain, egindako lan guztia txalotu eta hurrengo urteko Gazte Festak aurtengoak bezain onak edo hobeak izatea desiratzea –eta horretarako lan egitea– besterik ez zaigu geratzen.
Bejondeizuela gaztek!