Orioko arraunzaleak marea horia izan dira maiz. Estropada non, horiz jantzitako oriotarrak han. Tribu hori horren inguruko dokumentala ekoitzi du Urtzi Garmendiak.
Ideia nondik sortu zitzaizun?
Ohartu ginen Orio A Eren urteurrena zela. Orio arrauna da eta arrauna Orio denez, produkturen bat egiten ahalegintzeak merezi zuela uste genuen. Balean bazkari bat egin genuen B. Lertxundi, J. A.Garmendia Xarpas eta A. Camposekin informazioa eskuratzeko. Hor sortu zen.
Urteurrenaren aitzakiarekin egin arren, ez duzue arraun klubaren historia soilik kontatzen.
Datuetara jotzeko esan ziguten hasieran. Nire asmoa ez zen hori. Niri interesgarriagoa iruditzen zitzaidan barrutik nola bizi den azaltzea, sentimendua erakustea. Jendea nola hunkitzen eta haserretzen den kontatu nahi nuen, batzuk ez baitidate sinesten Orion horrenbeste bizi denik arrauna.
Zuri ere bihotza biguntzea lortu dute testigantzek, ezta?
Niretzat berezia izan da. Betidanik ezagutu dut aitagatik arrauna, hortaz, istorio asko banekizkien. Beste asko ez nekizkien. Gauza polit asko ezagutu ditut, hunkitu nautenak. Bereziki, osaba Imanolek egin digun musika egin zait hunkigarria, baita txikitako oroitzapenak gogora ekarri zizkidan Alirona ikustea ere.
Zenbat denboran egin duzue?
Testigantzak bi astetan bildu ditugu eta edizioa ere bi astetan egindako erlojupekoa izan da.
ETBn emititu zen irailaren 21ean, EiTBrentzat ekoitzi baitzenuten dokumentala. Dagoeneko jasoko zenuten iritziren bat, ezta?
Whatsappa sutan eduki nuen dokumentala emititzen ari ziren bitartean, eta, bereziki, gero. Ni gustura gelditu naiz, nahiz eta sekula ez naizen guztiz gustura gelditzen egiten dudan lanarekin. Ulertzen dut batzuek testigantza batzuen falta sumatzea, baina guztiak sartuz gero sei dokumental osatuko genituzke.