Urtarrilerako asmo berriak izaten dituztenen modura, nik irailean izaten dut horretarako garaia, ikasturte berriarekin batera. Apuntatuko al naiz frantseseko klaseetara? Eta pilatesen? Eta igeri egitera joango banintz kiroldegira? Behar besteko aurreikuspenez prestatuko al ditut klaseak? Epearen barruan entregatuko al dut esku artean dudan proiektua?
Irailak berriro ere despistatuta harrapatu nau aurtengoan. Sasoi berriari heldu nahi baina udara ahalik eta gehien luzatu nahi izaten dut, eguzki printza bat ikusi orduko tartetxo bat hartu eta hondartzara joan bainatzera, datorren udaberrira arteko azken bainua noiz hartuko. Eguraldi ona dugula oraindik eta lanetik ateratakoan Kukuarrira joan-etorria egitea ere ez da plan txarra. Eguzki gozoa indarra galtzen ari dela ongi neurtu gabe, komeni baino arropa gutxiago jantzi eta badator lehenengo katarroa. Eta uste gabe iritsi da bandera horia balkoitik kendu eta armairuan gordetzeko garaia ere. Pasa da Kontxa eta amaitu da liga. Lan ona aurtengoan ere, nahiz eta gehiagoren gosez egon asko. Batzuk lanera itzuli garen honetan besteak deskantsu hartzera, edo bulegoko lanetara. Herriaren bereizgarri dugu horia, ezin uka. Eta zurrumurruak bolo-bolo dabiltzan honetan, prentsa horiak ere bete-betean harrapatu gaitu. Horia den edozerk balio al du, baina?