Kontxa bukatu da, baina arraun denboraldia ez da amaitu. Asteburu honetan play offeko bi jardunaldiak jokatuko dira, larunbatean Bermeon eta igandean Portugaleten. Lehiatuko diren lau taldeak Getaria, Zumaia, Mugardos eta Portugalete dira. Lehen hirurak igoeraren alde egingo dute arraun; laugarrenak, lehen mailari eustearen alde.
Getarian oriotar mordoa dago, sei arraunlari: Andoni Sarasua, Andoni Campos, Jon Gaztañazpi, Mikel Indo, Josu Makazaga eta Agustin Mugika. Betidanik berekin Orion ibilitako zarauztar bat ere badago. Eta entrenatzailea ere oriotarra da, Gorka Etxeberria.
Gorka Etxeberria, Getariako entrenatzaileak adierazpen hauek egin dizkio San Miguel Ligari denboraldiaren inguruan: Denboraldia oso-oso ona izan da, espero genuena baino hobea. Denboraldi hasieran baja batzuk izan genituen, baina horiekin aurrera egiten jakin dugu. Oso pozik gaude liga irabazi dugulako.
Denboraldia amaituta fokua play offetan jarri dute. Andoni Camposek aitortu zuen bezala, liga lortuta dago, baina garrantzitsuena orain dator. Kontxako sailkapen estropada neurgailu ona izan da atea joka dagoen play offean zer aukera dituzten ikusteko. Eta, emaitzak ikusita, igoera posiblea da. Orain daukagun moralak helburua lortzen laguntzea espero dut, gaineratu du Etxeberriak.
Zumaiarekin estu-estu ibiltzea espero dute, orain arte ligan ere horrela ibili baitira. Zumaiarekin badakigu nola gauden, urte osoan lehia bizia izan dugu, azaldu zuen Camposek. Eta, Etxeberriak ere hori azpimarratu du: Zumaiarekin badakigu zer daukagun. Play offean ere estu ibiliko gara.
Lehen mailan dagoen Portugalete taldearekin erreferentzia hartzeko zen garrantzitsua Kontxa. Sailkapen estropada Portugaleteren aurretik gelditu ziren Getariako mutilak. 21:01:18 denbora egin zuten Portugaletekoek eta 20:58:86ean gelditu zuten kronometroa getariarrek. Hortaz, igoera lortu daiteke.
Asteburu honetan erabakiko da zein izango den igoko den taldea. Bi jardunalditan jokatuko da play offa. Getaria, Zumaia, Mugardos eta Portugalete dira lehen mailan egoteko lehiatuko diren lau taldeak. Bi asteburuetako puntuazioa batuta, puntu gehien lortzen dituenak lortuko du TKErako txartela.