Arrauna 2015

Miguel Angel Millares: "Iruditzen zait klubak ez duela aulki mugikorraren inguruko proiektu egonkorrik"

Karkara 2015ko ira. 16a, 12:03

Lau urtetako proiektua izan da Millaresek aulki mugikorrean egin duena, hasi eta buka. Amaiera jarri dio proiektuari aulki mugikorrak klubean duen presentzia eta herrian duen garrantzia ez delako berak nahi adinakoa.

Miguel Anjel Millaresek aulki mugikorraren ardura zuen, orain arte,  Orio Arraunketa Elkartean.

Aulki mugikorra uzteko erabakia hartu duzu.

Atzo arratsaldean, lehen orduan, Ibonekin bilera izan nuen aulki mugikorra uzteko erabakiaren berri emateko. Kontxa amaitu ondoren, guztia lasaitzean, hitz egin nahi nuen presidentearekin.

Zein izan da uztearen arrazoia?

Lau urteko proiektua zen, 2012an hasi nuena eta 2015ean amaitzen zena. Iruditzen zait klubak ez duela aulki mugikorraren inguruko proiektu egonkorrik, eta hori izan da uztearen arrazoi nagusia. Ni aulki mugikorraren filosofia bultzatzeko eta sustatzeko asmotan sartu nintzen, baina ez dut ikusten aulki mugikorra Orio Arraunketa Elkartean erreferentea denik. Hori da motibazioa galtzearen zergatia.

Presidenteari hori guztia azaldu diot. Uste dut egokiena aldaketa egitea dela, jendeak aukera berriak ikusi ditzan eta aulki mugikorrera lotu dadin. Zeren orain artekoa ikusita, azken bi urteetan lortutakoa aztertuta, Espainiako txapeldun ordeak izan gara zortzikoak eta, hala ere, ez ditut ikusten B taldekoak edo 20-22 urteko gazteak aulki mugikorra probatzeko asmoarekin. Guztiek lehen trainerua dute erreferente.

Bestalde, arrauna uzteko adinera iritsi naizela iruditzen zait. Beste gauza batzuk egin nahi ditut.

Orio Arraunketa Elkartearen 50. urteurrena da. Mende erdia bete duen honetan aulki mugikorra indartzea zuen helburu...

Nik uste dut senior mailara iristen diren gazte guztien oinarriko formazioa aulki mugikorrean izan behar duela. Ondoren zentratuko dira traineruan, hori adaptazio prozesu bat besterik ez baita. Arraunlariak fisikoki naiz teknikoki aulki mugikorrean hazi eta hezi behar du, hori da idealena.

Ahalegindu naiz jendeari hori ikustarazten, baina ez du indarrik hartu filosofia horrek.

Jendeari kosta egiten zaio aulki mugikorrean lan egiteak tostako arraunketan emaitzak emango dituela sinestea?

Bai, bai..

Azpimarratu nahiko nuke Orion beste hainbat tokitan egiten den moduan egitea litzatekeela egokiena. Frantzian, esaterako, indar handia du aulki mugikorrak eta modalitate guztiek dute garrantzia berbera. Orion, ordea, zortzikoari bakarrik ematen zaio balioa.

Diziplina guztiak dira, hortaz, garrantzitsuak.

2012an eta 2013an, Espainiako txapelketan ontzi txikietan hartu genuen parte eta estatu mailan emaitza positiboak lotu genituen. Orion, aldiz, mentalitatea bestelakoa da. Zortzikoan jartzen da fokua eta, gainera, irabazi egin behar da. Ez bada irabaztean denboraldia deskafeinatua izango da.

Hortaz, dena ez da zortzikoa eta dena ez da irabaztea...

Bai. Guztiak baloratu behar dira. Aulki mugikorra aintzat hartu behar da, baina ez bakarrik zortzikoan. Eta, horrez gain, ahalik eta txapelketa gehienetan hartu behar da parte.

Finean, aipatu dizudan honek guztiak motibazioa galtzera eragin dit.

Baina lau urte horietan emaitza onak lortu dituzu. Orain, esaterako, lau arraunlarik Mundialean hartu dute parte...

Lau horietako hiruk Orioko atea jo zuten, arraun egiteko prestutasuna azalduz. Mundialetan jokatzen amaitu dute. Bestalde, Imanol Garmendia dago. Kadeteetatik Orioko klubean formatu da. Berarekin oso identifikatuta sentitzen naiz.

Selekzioak ontzi txikietako arraunlarietan jartzen du arreta. 2013an apustua egin genuen ontzi txikietan aritzeko, horrela, Imanol talde nazionalean egoteko. Orain, munduko txapelduna da eta zortea izanez gero Mundialean ere izango da.

Hori pozgarria izango da...

Bai. Aspektu horretan oso pozik nago. Talde txikia genuen aulki mugikorrean, baina oso gustura aritu gara, guztiok dena eman baitugu taldeagatik. %100 aritu gara txapelketa guztietan eta modalitate guztietan, eta, bi urtez jarraian, Espainiako txapeldunordeak izan gara. Nauticos de Sevillaren aurka ibili gara, estu-estu. Labradoresko klubaren %80a selekzioko kide da eta Mundialetan hartzen dute parte. Hori ere baloratu egin behar da, izan ere, batzuetan bigarren egiten dugu eta gaituzte aintzat hartzen. Baina, batzuetan zilarrezko domina batek urre zaporea izaten du...

Arraunlariez hitz egitean ahotsak dar-dar egiten dizu. Nabari da harreman estua duzuela...

Erabakia ziurra da, baina, bestalde, pena handia sentitzen dut, familia bat baikara. Arraunlariekin hitz egin dezakezu, eta berak ere hori transmitituko dizute. Hamar laguneko familia bat gara, talde bat. Eta talde bat jende multzo bat da zeinak helburu berdina duten. Hori islatzen genuen.

Batzuetan, talde mugatua izanda, maila mundialean lehiatzen ari den taldeei aurpegia eman diegu.

Aipatzen duzun harreman horrek erabakia zaildu al du?

Bai. Baina asko meditatu ondoren hartutako erabakia da. Gogoeta asko egin ditut eta orain ziur nago.

Eta arraunlariei eman diezu zure erabakiaren berri?

Lehendabizi familiari esan nion. Gero, presidenteari. Ondoren, Imanoli. Anaien arteko harremana da gurea, niretzat anaia bezalakoa da. Imanoli esandakoan talde guztiari eman nion erabakiaren eta erabaki hori hartzearen arrazoien berri. Orain, whatsappak jaso eta jaso nabil.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide