Kolpe gogorra jaso zuten bi traineruek. Baina, Iñigo Mujikak azaldu bezala, kirolean guztiok entrenatzen dugu baina bakar batek irabazten du. Eta kirolari guztien auzia da nola irabazten, hala galtzen ikastea. Ikasgai hori gaindituta, pasa den igandeko zartada ere atzean utzi dute bi ontziek eta igande honetako estropadari begira jarri dira.
Dena ematera joango dira biak. Irabaztera. Arraunlariak diren heinean, behin estatxa hartu eta lehia hasita, bandera jokoan egongo balitz bezala egingo dute arraun. Txanda irabaziz gero, hobe; eta ustekabe atseginen bat gertatuz gero, are hobeto.
Baina, Irene Arbeok Valentziako Erkidegoko arraun aldizkarian –fremocv– aitortu du helburu nagusia palada bakoitzaz disfrutatzea da, horrek arraunean ondo ari direla esan nahi baitu. Lehen jardunaldia, gazitik dezente izan zuen arren, ikaragarria izan zen beretzat, Kontxa arraun egitearen ametsa bete baitzuen.
Jardunaldi honetan azkarrenak izatea da helburua. Gure helburua denborarik onena egitea da, eta estropada eremuaren eta kalearen arabera, lehen jardunaldiko diferentzia hori murriztea, azaldu du Arbeok. Hitz horiek berrestu ditu Mujikak, helburua tanda irabaztea dela aitortuz.
Buru-belarri ari dira entrenatzen horretarako. Asteazkenean, esaterako, nesken entrenamendua grabatzeko aukera izan genuen. Bideoa, hortaz, asteazkeneko entrenamenduaren laburpena da.