Arrauna 2015

Andoni Campos: "Liga lortuta dago, baina garrantzitsuena orain dator"

Karkara 2015ko abu. 25a, 12:47

Kirolak bere B aldea ateratzen du. Kirolak egiten du lehiakor. Aurkariarekin ez ezik, bere buruarekin du lehia Andoni Camposek –Orio, 1990–. Beti hobetu nahi du, egunero-egunero. Eta arraunak lehiatsua izateko diziplina ematen dio.

Diziplinak, lehenago edo beranduago, fruituak ematen ditu. Eta, Getariako traineruari, neguan ereindakoak fruituak eman dizkio udan. KAE 1eko liga irabazi dute. Irabazi eta ospatu. Ospakizunaren biharamunean ajerik ez da, ordea. Urrutitik nabaritzen zaio poz-pozik dagoela Camposi. Irribarretsu dator. Gaur ere festa.

Zorionak.

Eskerrik asko, eskerrik asko.

Liga izan zen jarri zenuten lehen helburua?

Hasiera-hasieratik, entrenamenduetan, Gorkak esaten zigun aurrean ibiliko ginela. Zazpi bat traineru ibiliko ginera banderarengatik borrokan. Ez zigun helburutzat liga irabaztea jarri; baizik eta hasi, eta ahalik eta ondoen egin.

Gauzak ondo egiten joan gara eta aurrenak jarri gara hasieratik. Bospasei puntura jartzean, pentsatzen genuen: hau mantendu egin behar diagu, izugarrizkoa duk amaierarako... Eta, azkenean, alde nabarmena atera diogu bigarren sailkatuari, Zumaiari. Hamalau puntura ere egon ginen, eta hamar puntuko aldearekin amaitu dugu liga.

Denboraldi erdian jarri genuen liga helburu. Lortu genezakeela ikusten genuenean.

Eta zure helburu pertsonala zein izan da?

Lau urte arrauna utzita egon naiz. Hasi, nola nagoen ikusi, eta, batez ere, kalitatezko pauso bat emateko oinarria berriz ere egitea izan dira nire helburuak. Uste baina estropada gehiago jokatu ditut, hamalautik hamabi.

Arrauna utzita zenuen. Zergatik erabaki zenuen berriz tostartera itzultzea?

Nazkatuta utzi nuen. Arraroa izan zen, azaltzeko zaila.

Iaz Gorkak deitu egin zidan, hasteko animatu zidan. Baina ezezkoa eman nion, futbolean-eta konpromisoak hartuta nituelako. Baina norbaitek zurekin interesa agertzea, niri behintzat, asko gustatzen zitzaidan. Ordutik bueltan ematen nizkion gaiari. Bueltak eta bueltak. Erabakia ez dizut esango lehengo urtean, orduan, hartu nuenik, baina sanikolasetako hartua neukan. Urtebete egon naiz erabakia hartuta.

Arraunean asko sufritzen dela diote. Baina, probatzen duzuen ia guztiek jarraitzen duzue. Sufritzea gustatzen zaizue ala sufrimenduak bigarren lerroan gelditzen da?

Niri diziplina handia erakutsi dit arraunak. Egunerokotasunerako lagungarria izan zait. Etengabe hobetzeko erronka ere bada, niretzat. Egunetik egunera hobetzeko eskatzea gorputzari, behartze hori, gustatu egiten zait.

Arraunean ibili ez naizenean ere ezin izan dut lehiatu gabe egon. Bizikleta bueltak, triatloia motzak... beti lehiatzen, burua gehiagora bultzatzen.

Oriotar asko zaudete: sei arraunlari eta entrenatzailea. Zergatik Getarian?

Entrenatzailea oriotarra da, orduan, ezagutu egiten gaitu. Arrauna utzita dagoen mutil gazte edo ez hain gazteren bat ikusten badu, esan egiten dio. Azkenean karamelua ahoan jartzea da. Gainera, ikusita Gorka entrenatzaile dagoenetik maila ona erakusten ari dira eta goraka doaz. Pentsatzen duzu: berak deitze ziak, han hasiko nauk entrenatzen... horrelako aukera bat ezin diat alferrik galdu. Orduan, nola esan ezetz?

Zazpi oriotar gaude eta betidanik gurekin Orion ibilitako zarauztar bat ere badago.

Arraunak ez du Orion bezain besteko presentzia Getarian. Nola bizi dute han arrauna?

Oso desberdina da. Orio horretan oso berezia da. Hemen arrauna top da, lo más. Getarian badauzkazu jarraitzaileak, badaude, baina modu lasaiagoan bizi dute. Ez daukazu hemen bezain besteko presioa onena izateko. Egiten duzun lana egiten duzula, zoriontzen eta baloratzen zaituzte.

Aurten, adibidez, bandera bat irabazi genuenean zuzendaritzako kide bat negarrez hasi zen: zuek balio duzue mutilak, zuek balio duzue esaten zigun. Beste era batera bizi dute. Hemen –Orion– onena izatea obligazioa da. Orduan, presio horrekin zaude. Han ez daukazu betebehar hori. Desberdina da.

Zaletuak badaude. Igandean Bilbora autobus bat atera zen herritik zuek animatzeko.

Errezibimenduan, arraunlari batek mikrofonoa hartu eta esan zuen: esan nahi dizuet errioan marroia zegoen tokian, trainerua askoz ere azkarrago joaten zela. Iaz play offerako bi autobus bete eta igo ez ginen bezala, ea aurten hiru betetzeko gai garen.Getaria herrigintzari oso lotuta dago. Festetan, adibidez, konpartsa ikustera joaten zara eta herritarren parte hartzea izugarria da. Elkarlan eta parte hartze hori gauza guztietan islatzen da, baita arraunean ere. Eskatzen baduzu eman egiten dizue.

Babesa sentitzen duzue, behintzat.

Bandera irabazi badugu, bazkaltzen ari garenean, askok zoriontzen gaituzte. Baina ez han bakarrik, baita Orion ere. Hainbeste oriotar gaude han, badaukatela gure berri. Aste honetan hemen entrenatu dugu, autobusera bidean heldu askok gelditu naute, galdezka: zer moduz zaudete Campos? Arraunketa honela eginda...

Nik uste dut ohitzen ari direla etxekoa kanpoan ikustera. Eta kanpoan badaude aurkari bezala ez ikustera, baizik eta beste aukera bat hartu duena bezala. Errespetatu egin behar da. Gainera, gero eta gehiago gara Oriotik ateratzen garenak.

Guk –Orioko arraunlariok– hemen jokatu nahi dugu, baina pazientzia gutxikoak ere bagara. Hemen sartzea oso zaila da eta guztiok berehala sartu nahi dugu. Ez badugu segituan lortzen TKErako salto hori...

...beste bide batzuk bilatzen dituzue.

Edo utzi, edo beste toki batera joaten gara.

Hemen segitzea ere posible da. Egoskorkerian segi eta segi, baina lehiakorra zarenez lehiatu egin nahi duzu. Gainera, norberak badaki bere posibilitateak zeintzuk diren, eta zure aukeren baitan ahalik eta lehiakorrena izaten ahalegintzen zara.

Errezibimendura bueltatuko gara. Ospakizun ezberdina da Orion eta Getarian?

Moilatik hasi eta kalean gora joaten gara, udaletxeraino. Aurretik musikari bat joaten da, txistua edo esku-soinua jotzen. Atzean, taldekide bat, banderarekin; eta, atzerago, gainontzeko taldekide guztiak.

Bidean taberna bat egoten da, jende asko biltzen duena. Bandera astintzen hasten gara. Guztiak makurtu egiten gara eta bandera gure gainetik astintzen dugu. Ondoren, tunelean, saltoka eta oihuka ibiltzen gara... Azkenean, jendea giroan sartu egiten da; eta, zu ere, giroa jartzera animatzen zara jendeak txalo egiten duela ikusten duzunean. Izugarrizko poza ematen du.

Orain play offak jokatuko dituzue. Behin liga irabazita, hurrengo helburua igotzea izango da, ezta?

Liga lortuta dago, baina garrantzitsuena orain dator. Kontxako sailkapena da irailaren 3an, eta hor ikusiko dugu nola gauden TKEko traineruekin alderatuta. Zumaiarekin badakigu nola gauden, urte osoan lehia bizia izan dugu eta; baina Portugaleterekin indarrak neurtzea ondo etorriko zaigu.

Kontxan zuen aukerak zeintzuk diren ikusi ahal izango duzue.

Galiziarrak ez dakit nola iritsiko diren play offetara. Baina Kontxan TKEkoekin lehiatzea ondo etorriko zaigu, azken bigarrenarekin alderatuta nola gauden ikustea garrantzitsua da.

Hilabete gelditzen da oraindik play offetarako. Kontxako sailkapenetan ez badugu aurrera egiten, bi asteburu oso dira lehiatu gabe. Hortaz, ondo etorriko zaigu Kontxan ere sailkatzea, bizi mantentzeko, txapelketaren grina eta gosea ez galtzeko.

Horrenbeste txapelketak ere nekatu egingo zaituzte...

Hori prestatzaileek neurtzen dute. Berak badakite noiz iritsiko garen indartsu eta noiz egongo garen ahulago. Aste honetan, adibidez, egunean bitan entrenatu dugu, beste koska bat estutzeko. Gero, entrenamendu lasaiagoak egingo ditugu play offetan topera egoteko. Hori berak neurtzen dute eta eguk esandakoa egiten dugu.

Play offa ere bi estropadatan jokatzen da, ezta?

Bai. Bermeon eta Portugaleten izango dira estropada, biak erlojupekoak. Portugalete, TKEeko azkena; Zumaia eta Getaria, KAEko lehen biak; eta Galiziakoak. Horiek lehiatuko gara. Bi asteburuetako puntuazioa batuta, puntu gehien lortzen dituenak lortuko du TKErako txartela.

Zer nahiago duzue, erlojupekoan lehiatu ala guztiak parez pare?

Lau ilaran jarrita errazagoa da arraun egitea, aurkariak ikusten dituzulako. Erlojupekoan zu zurean zoaz, trainerua kupula batean sartuta bezala. Baina kaleen artean desberdintasunak ez egoteko egiten da horrela, bestela imajinatu Portugaleten... Hortaz, guztiz ados nago play offa erloju kontrakoan egitearekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide