Berdez jantzi zen larunbatean Hondarribia. Eta itsasoan ere, berde kolorea izan zen nagusi. Erraz irabazi zuten estropada, 19:36:42ko denborarekin, bigarren sailkatuari sei segundoko tartea aterata. Bigarren postua erabakitzeko, ordea, bideo finisharen laguntza behar izan zuten. Pare-parean helmugaratu ziren Urdaibai eta Orio, oriotarrek Bermeoko taldea bigarren ziabogan harrapatu eta ez baitzien alde egiten utzi. Azkenean, Urdaibai izan zen azkarragoa, sei ehunenengatik.
Igandean ere Hondarribia izan zen irabazlea. Estropada errioan izan zen, Portugaleten. Korronteak erraz ikusten ziren. Lehen kaletik zihoan Urdaibai, eta 0 kalera joan eta estropada azkarragoa egin ordez, kale horretan gelditzea erabakiz uen. Estrategia hori erabili zuten. Eta lortu zuten hondarribitarrei estutzea, kaleak estuak baitira eta erraz sartu baitzitekeen hanka.
Hondarribiako trainerua zigortu zuten, hiru segundorekin, bigarren kaletik lehen kalera sartu baitzen. Arrisku handia hartu eta kaltetua izan zen. Hala ere, nahiz eta hiru segundoko penalizazioa izan, estropada irabazi zuten. Dena den, garaileak berak edo bermeotarrak ziren jakiteko bideo finisha erabili behar izan zuten. Hondarribiak 19:32:50ko denbora egin zuen eta Urdaibaiek ehuneko bat gehiago behar izan zuen helmugako marra zeharkatzeko. Oriok hirugarren egin zuen, 19:48:42 denborarekin.
Liga amaitzeko si jardunaldi falta dira, play offak barne. Eta, badirudi, Hondarribiak irabaziko duela San Miguel Liga.