Iritsi da denboraldiko jardunaldi berezienetako bat. Zarauzko estropada ate joka da. Asteburuan izango da eta, ohi bezala, jardunaldi bikoitza izango du. Hortik, batetik, Kontxarekin lotzeko joera. Bestalde, bertako emaitzak Kontxan islatzen direla ere badiote.
Bategatik edo besteagatik, berezia da Zarauzko estropada. Odei Arrizabalaga eta Jon Agirrezabala arraunlariek ere aitortu ziguten, Orioko Arraun Elkartearentzat asteburu berezia zela eta berak ere horrela bizi behar zutela. Eta Nadeth Agirrek ere Euskadi Irratiko tostartean saioan aitortu zuen Zarautzeko estropadarako gogo bizia zutela, iaz ezin izan zutelako egon eta Orio eta Zarautz bizilagunak direlako, besteak beste.
Bizilagunak izanik, ohikoa da Orioko tostartean Zarauzko arraunlariak izatea. TKEko traineruan ez dago zarauztarrik, baina emakumeen taldean bost dira Zarauzko arraunlariak: Lierni Goikoetxea, Tayde Gomez de Segura, Miren Iriondo, Onintza Olaizola eta Maitane Urruzola. Pasa den astean Lukene Lizasok ama zarauztarra zuela-eta estropada berezia izango zela baieztatu zuen, beraz, zarauztarrentzat ere aski berezia izango da asteburuko zita bikoitza.
Bikoitza, Kontxan bezala, bi jardunaldiko estropada izango delako. Larunbatean arratsaldean izango da estropada eta igandean goizean. Zarauzko bandera honekin emango da amaitutzat Euskotren Liga. San Miguel Ligan, ordea, zortzi estropada gehiago gelditzen dira.
Bi taldeen asmoa banderaren lehian sartuta egotea da. Tostartean saioan Agirre patroiak azaldu bezala, larunbatean dena ematera joango dira, igandean borrokan sartuta egon ahal izateko. Itziarko lehengusuek azaldu bezala, mutilak entrenamenduak esponentzialki hobetzeko eta denboraldiak aurrera egin ahala lehiakorragoak izateko prestatu dituztenez, bandera lortzeko lehia horretan indartsu egoteko beren onena ematen ahaleginduko dira.
Banderaren bila hiru itsas miliako ibilbidea egin beharko dute mutilek jardunaldi bakoitzean, lau luze eta hiru ziabogarekin. Eta oriotarrak ohorezko txandan lehiatuko dira, San Miguel Ligako sailkapen nagusia errespetatuz. Hortaz, San Juan, Urdaibai eta Hondarribia izango dituzte aurrez aurre. Neskek itsas mila bat eta erdiko eremuan jokatuko dute, bi luze eta ziaboga batekin.