Arrauna 2015

Ligako bigarren bandera

Karkara 2015ko abu. 10a, 08:00

Argazkia: Liga San Miguel

Denboraldiko bigarren bandera lortu zuen Oriok Meirako uretan. Boiron ere estropada ona egin zuten eta hirugarren postuan helmugaratu ziren.

Agoitz Irazokik argi esan zuen: banderak garesti daude. Gogor borrokatu behar da bandera lortzeko eta estropada fina egin behar da horretarako. Irazokik azaldu bezala, guztia ezin hobeto egin behar duzu bandera irabazteko. 

Larunbatekoa bereziki gogorra izan zen. Haritz Etxebestek San Miguel Ligako mikrofonoei aitortu zien hasiera-hasieratik gogorra izan zela oso. Baina hasieratik arraunketa ona hartu dutela eta berehala hanka egin dutela. Bigarren ziabogatik aurrera beste estropada bat hasi dela gaineratu du, sufritu egin dutela, baina kontrolatu egin ahal izan dutela bigarrenarekiko zuten tartea.

20:09:89 denboran gelditu zuen Oriok kronometroa. Bost segundora helmugaratu zen bigarren trainerua, Hondarribiarena. Urdaibai izan zen hirugarren sailkatua, 25 segundora. Era honetan, Hondarribiak jarraitzen du sailkapenaren gailurrean. Patroi onenaren sailkapenean Irakoitz Etxeberria da oraindik lider. 

Igandean, galiziar uretako azken estropada

Boiron berdea izan zen nagusi. Hondarribia jaun eta jabe izan zen, hasieratik estropadaren buruan jarri zen eta maisuki irabazi zuen. Lehen paladetatik ihes egin zuen eta bigarren sailkatuari, Urdaibairi, 13 segundoko tartea atera zion. Orio hirugarren izan zen, Urdaibairen itzalpean, Hondarribiatik 18 segundora.

Estropada gogorra izan zen, haize bufadak 30 kilometro ordukoak izatera iritsi baitziren, eta, oro har, haizearen abiadura 10 kilometro ordukoa baitzen. Baldintzek asko baldintzatu zuten estropada, baina Oriok lortu zuen amaierara arte estropadan sartuta egotea. 

Asteburuko bi estropaden ondoren hirugarrena da saikapen orokorrean, 100 punturekin. Urdaibai da bigarrena, 111 punturekin eta Hondarribia da lider 124 punturekin. Irakoitz Etxeberriak jarraitzen du patroi onena izaten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide