Aurreko denboraldietan egindako lanaren emaitza da aurtengo denboraldian lortzen ari direna. Onenen artean daude eta estropada amaieraraino estutzen dute. Denboraldia amaitu arte estutzen jarraituko dute, ohiko legez, horretarako gogoa eta ilusioa ez zaie falta eta.
Denboraldi askotako lanaren fruitua da aurten erakusten ari zareten maila?
Nire ustetan azken hiru urteetan blokeari eustea influentzia garbia izan da. Baja garrantzitsuak izan ditugu, bai; baina etorri den jendea hala esperientzia zutenak, nola berriak, guztiek ekarpena egin diote taldeari. Berriak gogo handiarekin eta ikasteko asmoarekin etorri dira eta esperientzia dutenek erantsi egin diote jada genuen horri. Taldearen %90 azken hiru urteetako berdina da, eta garrantzia handia dauka gu elkar sakon ezagutzeak, baita Erki eta Klaudio ezagutzeak ere.
Hainbatetan aipatzen duzue taldekideen arteko harremana...
Gure artean ondo moldatzen gara. Hiru urtetan ezagutzen duzu nor utzi behar duzun bakean eta nor ez muturtuta dagoenean. Begiratze hutsarekin badakigu bestea zer umore duen, nola dagoen. Eta elkar asko ezagutzen dugunez, bakoitzarekin nola jokatu behar dugun ikasi dugu. Errespetua eta konfiantza daukagu.
Jendea ezagutzen duzunean beste era batera portatzen zara, beste jarrera bat daukazu gauza eskatzerako edo esaterako garaian. Zuk ikusten baduzu aldamenekoa dena ematen ari dela, ezin duzu gutxiago izan. Ondoan sufritzen ikusten duzuna ez da taldekide bat soilik, lagun bat ere bada; sufritzen ikusten baduzu, laguntzeko beharra sentitzen duzu. Enpatia asko daukagu batak bestearekin.
Beste taldeek ez dute blokea mantendu urte hauetan guztietan?
Badirudi besteek, zailtasunak zailtasun, ahalegindu direla azken urteetan blokea mantentzen. Batzuk, bai ala bai, blokea aldatu behar izan dute; baina, oro har, ez da aldaketa handirik egon. Azkenaldian jende berria talde berrietara joaten ari da.
Zuek urtez urte blokea mantendu eta urtetik urtera arraunean hobetu duzue.
Nik ez nuen sinesten lehen urtea zaila zela eta bi-hiru urtera emaitzak etorriko zirela ziotenean. Badirudi arrazoia zutela.
Euskotren Ligan sailkatu eta bi bigarren postu egin dituzue, besteak beste...
Ez gaude ohituta horrelako postuetara. Laugarren ibiltzen ginen beti, ozta-ozta lortutako laugarren postuak, gainera. Baina emaitza hauek ez dira sorpresa izan. Bai, harritu egin digute orain arte lortu ez ditugulako, baina gaitasuna genuela bagenekien.
Nadethek Berrian egindako elkarrizketan esan zuen ez zinetela laugarren postuarekin konformatzen. Aurten lehiakorrak izan nahi zenutela.
Gogor entrenatu dugu hor egoteko, goian. Guretzat sailkatzea ez da saria izan, tramite hutsa zen hori. Helburua, behin sailkatuta, lehiakorrak izatea zen. Guretzat saria ziabogara elkarrekin iristea zen.
Hori lortu duzue.
Aurtengo sentsazio onena niretzat ziabogara iritsi eta nahigabe –Nadethek ez digu uzten eta– alboko traineruak ikustea da. Parean gaudela. Hor gaudela. Iaz batzuk jada ziaboga emanda bueltan zetozela gurutzatzen genituen. Eta hori oso gogorra da. Oso luze egiten da. Orain, preparatzeko esaten duenean, burua altxa eta estropadan sartuta zaudela ikusteak, indar asko ematen du.
Aurten, gainera, aldaketa asko ari zarete egiten estropadaz estropada.
Kanpoan daudenak ere garrantzitsuak dira taldean. Taldea aldatu dugu hainbat estropadetan, pasa den astean adibidez, eta hala ere bigarren egin genuen. Konpetentzia handia daukagu talde barruan, eta hori ona da, esfortzu handia eskatzen baitu. Trainerura sartzen dena ilusio handiarekin sartzen da. Inor ez da ezinbestekoa taldean, eta aldi berean, guztiak gara beharrezkoak.
Horrez gain, atseden hartzeko aukera ematen digu taldean estropadan lehiatzeko maila duten horrenbeste arraunlari izateak. Hori ona da oso.
Atzo Klaudio elkarrizketatu zuten Euskadi Irratian. Guztiak aldeko izanez gero, irabazteko kapaz zaretela esan zuen.
Zergatik ez? Entrenatzaileak hori esaten badu, ea nork egiten dion aurka. Ez da bakarrik taldekideen arteko konfiantza. Bi entrenatzaileek ere izugarrizko konfiantza dute gugan, askotan guri falta zaiguna. Estropada batean laugarren egin dugunean entrenatzaileak lan txukuna egin dugula esateak edo Euskadiko Txapelketan bigarren egin genuenean gaizki joan ginela eta zumaiarrei aurrenak izaten utzi geniela esateak erakusten du ondo ezagutzen gaituela.
Orain, gainera, bigarren fasea hasten da. Gauzak aldatu egingo dira. Gezurra dirudi, baina hilabete eskas geratzen da Kontxarako.
Kontxan jarriko duzue orain fokua?
Aldaketaren bat edo beste izango dugu entrenamenduetan. Atsedenak neurtu behar dira, adibidez, hara topera iristeko.
Zarautzen ikusten omen da Kontxan zer gertatu daitekeen...
Zarautz niretzat oso berezia da, hasteko ama zarauztarra dudalako. Gainera, taldekide asko ere zarauztarrak dira eta berentzat ere berezia da han arraun egitea. Iaz ikustera joan ginen, ezin izan genuen jokatu, Euskotren Ligara ez baikinen sailkatu. Aurten berriz ere gu gaude uretan, eta ez duela bi urteko egoeran. Gauzak aldatu egin dira.
Orion jokatzea ere berezia izango zen, ezta?
Oso. Iaz ere ezin izan genuen Orion arraun egin. Aurten bai eta oso berezia izan da. Zubi azpitik igarotzeko momentu hori... oilo-ipurdia jartzen zait oraindik. Jendea dago, oihuka, eta horrek azken metroetarako indar handia ematen du. Izugarria izan zen.
Jendea interes handiagoarekin sumatzen duzue?
Iaz Kontxara sailkatu ginenean nabaritu genuen interesa handitu zela. Presioa ere ematen du horrek. Aurten are jende gehiagok du interesa eta horrek erakusten du lana ondo egiten ari garela.