Nork esan du, ezinezkoa da? Nork onartu du, hori hala dela? Zaila bada, ez da ezinezkoa; zaila bada, badago lortzea. Eta eroriz ikasten bada oinez, has gaitezen bidea egiten. Urtz taldearen kantuak dioena hitzez hitz bete dute Orioko neskek, ez baitituzte inork geldituko.
Iaz erori ziren Euskotren ligara ez sailkatuta, kolpe gogorra jaso zuten. Baina horrelakoek taldea trinkotzeko balio izan diete beti. Argi izan dute itzalak ez dietela hartuko eta bidarik luzeena, beti, pauso batez hasten dela. Eta horrela, pausoz pauso, hobetzen joan dira.
Iraileko zita berezian Kontxarako zubia igaro zuten, ordura arte hain gertu eta aldi berean hain urrun izandako lortu zuten, eta ez nolanahi gainera. Gozatu eta gozarazi egin zuten. Urtetako arantza kendu zuten. Eta aurten, iazko arantza kentzea ere lortu dute Euskotren Ligara sailkatuta. Eta pausoka-pausoka, helburuak bete eta onenen artean kokatu dira. Ez daude lehiakidearen itzalpean, arerio zuzenak dira.
Asteburu honetan ere hori erakutsi dute Getariako uretan. Gipuzkoako Traineruen Ligako estropadan Zumaiak aurrea hartu zuen eta estropadaren buruan kokatu zen hasiera-hasieratik. Orio lehen ziabogara bigarren postuan iritsi zen, Telmo Deun ontzitik zortzi segundora. Bigarren luzean zumaiarrek hanka egin zuten arren, oriotarrek beren postuari eutsi zioten eta bigarren postuan amaitu zuten estropada.
Sailkapena
1. Zumaia 10:58:57
2. Orio 11:15:07
3. San Juan 11:21:52
4. Hibaika 11:30:57
Amestutako hori lortu dute oriotarrek. Ezinezkoa zirudiena posible zela erakutsi dute. Aspaldi hasitako bidaian aurrera doaz, bidailagun-talde sendoa osatuta. Eta, erakutsi dute bide horretan inork ez dituela geldituko.
KAE 1eko taldea ere gero eta sendoago
Getarian larunbatean eta igandean lehiatu dira oriotarrak. Larunbatean, estropadaren lehen txandan lehiatu ziren eta berak izan ziren bizkorrenak, txandako irabazleak. Sailkapen orokorrean bederatzigarren postua lortu zuten, irabazleak minutu bateko tartea aterata.
Igandean ere fin aritu dira eta maila ona erakutsi dute. Beren txanda irabazi dute, beste behin. Hauek ere pixkanaka-pixkanaka talde sendoagoa dute eta horren erakusle diren emaitzak ari dira lortzen.