Nola doa denboraldia?
Gure mailan ari gara. Urte hasieran nahiko pattal ibili ginen eta uste genuen gaizki arituko ginela. Baina guk gurea egin dugu eta hortxe gabiltza Santurtzirekin parean.
Posizioa mantentzen ari zarete, behintzat. Hori da zuen helburua?
Gora ez dugu egiten, baina ezta behera ere. Azkenean, gure maila mantentzea da garrantzitsuena, badakigu ezin dugula gora begira ibili. Gure helburua Santurtziri irabaztea da, eta baita Zarautzi estropadaren bat edo beste.
Santurtzirekin berdinduta zaudete puntutan.
Bai. Normalean beraiek ibaian hobeto ibiltzen gara, eta gu itsasoan. Orain itsasoko estropadak tokatzen dira eta aurrea hartzeko esperantza dugu.
Getariako estropada da hurrengoa, itsasoan.
Bai, estropada polita da, eta ezaguna. Aste honetan pare bat aldiz joango gara hara entrenatzera. Ilusio handiarekin hartuko dugu estropada.
Zure taldekide batek lehenengo taldean egin zuen debuta pasa den asteburuan. Gora begira zaude zu ere?
Beti gaude lehen taldeari begira, azken finean, arraunean aritzearen ilusioa hori da. Esperantza badugu estropada bat edo beste jokatzeko eta pixkanaka pausoak gorantz emateko. Baina zaila da, maila handia dago eta, gainera, urte osoa aulki mugikorrean egoten naiz eta ez naiz asko aritzen traineruan.
Nola uztartzen dituzu aulki mugikorra eta trainerua?
Normalean gehiena aulki mugikorrean egiten dugu, eta astean behin edo bitan traineruan irteten gara. Aulki mugikorreko denboraldia ekaina amaierara arte da, eta udan traineruan zentratzen gara.
Gustukoago dut mugikorra, orokorrean. Lagunartean gehiena horretan aritu naiz eta txikitatik pertsona berdinekin aritzeak elkar ezagutzea eta emaitza hobeak izatea dakar. Gainera, uretatik gertuago eta azkarrago zoaz aulki mugikorrean, ontzia gehiago sentitzen da, eta hori asko gustatzen zait.