Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu zen atzo, uztailaren 15ean, Donostiako uretan. Emakumezkoen zortzi traineru eta gizonezkoen hamar aritu ziren Gipuzkoako traineru onenaren titulua lortzeko lehian.
Emakumezkoen txanda izan zen lehenena. Bigarren txandan irten ziren Orio AEko neskak, Euskotren Ligan ondoan izango dituzten hiru traineruekin batera. Zumaiak irabazi zuen txapelketa, eta hirugarren egin zuen Oriok, 14 segundora. Gustura geratu zen taldea brontzezko dominarekin.
Hiru txandatan banatu ziren gizonezkoak, eta hirugarrenean irten zen Orio. Hondarribiak estropada hasieratik aurrea hartu zuen, eta Orio hasieran gertutik jarraitzen ari zitzaion arren, tartea handitzea lortu zuen talde berdeak. Bigarren egin zuen Oriok; Hondarribiarengandik 27 segundora iritsi ziren helmugara.