Ekainaren 13an udalbatzarra eratzeko bilkuraren akta aho batez onartzen hasi zuten atzoko, uztailaren 7ko ezohiko bilkura. Zortzi gai zeuden zerrendan, bilkuren maiztasuna, ordainsariak eta batzordeen eraketa, besteak beste.
Bilkuren maiztasunaren gaian, alkatearen proposamena hilero, azken asteartean eta 19:00etan egitea zen. Miriam Urangak, lan kontuengatik, 19:30ean egitea eskatu zuen. Bilduk ere proposamen bat egin zuen: eragile edo zinegotziek, ondo arrazoituta, plenoaren ordu aldaketa eskatu ahal izatea. Aldaketa hori onartzea alkatearen eskutan geratuko litzake. Aldaketa horiek sartuta, aho batez onartu zuten proposamena. Beraz, aurrerantzean, hileko azken astearteetan izango dira udalbatzarrak, 19:30ean.
Alkatearen eta zinegotzien liberazioak eta ordainsariak erabaki zituzten gero. Honakoa proposatu zuten alkateak: batetik, berak dedikazio esklusiboan betetzea kargua Udalhitzeko 28. mailarekin eta urteko 60.378 euro gordin jasotzea. Bestetik, Angel Del Hoyo eta Aitziber Campos zinegotziek %50eko dedikazio partziala izatea eta 28. mailarekin ere 30.189 euroko ordainsaria jasotzea. Cotadoren eta Belloren %33ko dedikazioko liberazio proposamenak azken momentuan erretiratu zituen.
Emeterio Iribarrek harridura agertu zuen: EAJk eta alkateak hilabete izan dute proposamena ondo landuta ekartzeko eta atzo jaso genuen lehen proposamen zehatza. Gainera, duela ordu erdi jakinarazi digute planteatzen ziren liberazioetako bi atzera botatzen zirela. Mailak ere oso altuak direla esan zuen Iribarrek eta horrek gastua igoko duela –24, 22 eta 20ko mailatatik 28ra igo dira hiru ordainsariak, eta aurreko legealdian 52.744 euroko gordin jasotzen zituen Beñat Solaberrietak–. Bere ustez, Oriok beste lehentasun batzuk dituela esan zuen.
Orainen izenean, Miriam Urangak auditoria bat eskatu zion EAJri gaur egungo egoera ekonomikoa zein den eta hemendik lau urtekoa zein izango den ikusteko. Ordainsariari buruz, argitu zuen 28. maila ez zuela legeak agintzen –Zalduak esan bezala–, proposatu egiten zuela baizik. Horrez gain, Iribarren eskaera bera egin zion alkateari: lau urte pasa ditugu entzuten txostenak ez direla garaiz bidali. Gaur erabaki beharreko gaiak garrantzitsuak direla iruditzen zaigu, eta informazio hau atzo eguerdian jaso genuen.
EAJren eta PSEren aldeko botoekin –7– eta Bilduren eta Orainen aurkako botoekin –6–, gehiengo absolutuarekin onartu ziren ordainsari eta liberazioak.
Batzorde informatzaile iraunkorrak eta batzordeburuak honakoak izango dira:
- Ogasuna, pertsonala eta kalitatea – Joxe Angel Zaldua
- Kultura, turismoa eta euskara – Lourdes Salsamendi
- Hirigintza, ingurumena eta gizarte ongizatea – Angel Del Hoyo
- Obra, zerbitzuak eta hezkuntza –Aitziber Campos
- Kirola eta gazteria – Eugenio Cotado
- Nekazaritza, arrantza, industria eta merkataritza – Elixabete Bello
Udalbatzarreko kideen erregimen ekonomikoaren inguruan, alkateak honako proposatu zuen: talde politiko bakoitzak hileko 350 euro jasotzea eta beste 100 euro zinegotzi bakoitzeko –talde politikoarentzat–. Horrez gain, batzordeburuek hileko 300 euro eta gainontzeko zinegotziek 200 hileko euro jasotzea proposatu zuen. Urangak argitu zuen liberazioa duten zinegotziek ez dutela horrelako ordainsaririk jasotzen.
7 aldeko botoekin –EAJ eta PSE– eta kontrako 6 botoekin –Bildu eta Orain– onartu zen proposamena. Amaia Dorronsorok esan zuen talde politikoek zinegotziko 100 euro jasotzearena berria dela eta horrek, gastua igotzeaz gain, alderdi txikiak kaltetuko dituela.
Kanpo organo eta erakundeetan udalaren ordezkaritza ere erabaki zuten:
- Urola Kostako Udal Elkartea: Anjel Del Hoyo eta Emeterio Iribar
- URKOME: Joxe Anjel Zaldua
- Ur Kontsortzioa: Joxe Anjel Zaldua eta Aitziber Campos
- Euskal Fondoa: Anjel Del Hoyo
- Uema: Lourdes Salsamendi, Ana Priede eta Amagoia Iribar. Orain taldeak, informazioa azken momentuan iritsi zela eta, gaia taldetik pasatzeko denborarik ez zuela izan adierazi zuen Miriam Urangak, eta astea amaitu aurretik emango zuela ordezkariaren izena.
- Besteak: Joxe Anjel Zaldua
Amaitzeko, Anjel Del Hoyo izango da alkateordea eta Lourdes Salsamendi bigarren alkateordea. Horrez gain, Del Hoyok, Salsamendik eta Ana Priedek osatuko dute gobernu batzarra.