San Miguel ligaren hasiera zaila izaten ari da Orio AErentzat. Lehen jardunaldian, Malagan, hirugarren egin zuen eta asteburu honetan ezin izan du hobekuntzarik egin Galiziako uretan.
Uztailaren 4an, larunbatean, Sanxenxon jokatu zen ligako bigarren jardunaldia. Ohorezko txandan, bigarren kaletik irten zen Orio. Bere txandan Hondarribiaren atzetik bigarren egin bazuen ere, itsaso aldaketagatik bigarren txandako lau traineruak bien arteko hamar segundotan sartu ziren. Azkenean, seigarren egin zuen Oriok.
Igandeko Moañako estropada ez zen hobea izan. Bezperako emaitzarengatik ohorezko txandatik bigarren txandara pasa ziren oriotarrak. Laugarren kalean egin zuten arraun, eta azken postuan amaitu zuten txanda. Sailkapen orokorrean bederatzigarren geratu ziren.
Ez da hasiera xamurra izan taldearentzat. Ligako sailkapen orokorrean seigarren postuan dago Orio, 21 punturekin. Hurrengo asteburuan Pasai San Pedron eta Donostian izango dute puntu gehiago lortu eta postuak igotzeko aukera.
Orio B hamargarren
Estropada bakarra jokatu du Orio B traineruak asteburuan. Santurtziko ikurrina jokatu zen uztailaren 4an, larunbatean. Lehen txandan irten ziren oriotarrak, lehen kaletik. Bigarren egin zuten txandan, eta hamargarren estropadan.
Hamargarren postuan dago, baita ere, KAE1 ligako sailkapen orokorrean 14 punturekin. Hurrengo estropada uztailaren 11n, larunbatean, jokatuko dute Donostian.