Parte hartzea

Ibai Peña 2015ko uzt. 1a, 12:54

Parte hartze hutsagatik zeure burua plazaratu eta kritiken jomuga izatea onartzen duzu, eta hori ez da askotan xamurra izaten. Errazagoa da isilean gelditu eta begira egotea

Karkarako aurreko zenbakian Iñigo Gaitonek zioen bezalaxe, nik ere ilusioz jarraitu nituen Madrilgo alkatetzarako hauteskundeen emaitzak. Politikari ez ziren pertsona batzuek zezenari adarretik heldu eta Madrilgo alkatetza lortzeko gai izateak zirrara sortu zidan. Gizarte parte hartzearen garaipen gisa hartu nuen.
Parte hartzeko erantzukizuna hartzen duenari adorea onartu behar zaio lehenik. Parte hartze hutsagatik zeure burua plazaratu eta kritiken jomuga izatea onartzen duzu, eta hori ez da askotan xamurra izaten. Errazagoa da isilean gelditu eta begira egotea, ezer egiten ez duenak ez baitu hanka sartzen.

Orioko esparrura etorrita, EH Bilduk eta Orainek herritarren parte-hartzea bultzatu nahi zuten herriaren erabakietan, eta hala izan zedin paktua egin zuten aurreko legealdian –guztiz zilegi, nire ustetan–. Baina egia al da oriotarrek parte hartzeko nahia edo premia dutela?

Nik ez daukat batere garbi. Ez dut inguruan horrelakorik ikusten. Hona pare bat adibide azkar: Mitikoa den batekin hasiko naiz: Zer ziok festetan?  Ezer ez, beti bezala. Baina, gero, festak prestatzeko bilera irekietara jo, eta lau katu. Festen balorazioa egiteko bileran ere inor gutxi. Beste bat: Orioren etorkizuna lantzen den Orio 2030-eko bileretan 5.000 biztanle ingurutik 50 bat lagun. Oriotarren %1a. Kexa egiterakoan ere nahiago dugu ingurukoekin txutxumutxuka egin, behar den tokira joan eta esatea baino.

Duela ez asko, denbora falta zela iruditzen zitzaidan, momentu jakin batean toki jakin batean egoteko aukera ez izatea. Teknologiak lagundu zezakeela parte-hartze maila hobetzen… Norbaitek ezagutzen du Orioko Udal Irekiaren ekimena? Sartu http://orio.gobernuirekia.eus/ eta ikusi: bi urtetan, lau galdera. Orioko 2015eko hauteskundeetako mahai-ingurua ikusten ehun bat pertsona, eta mahai-inguruaren youtubeko bideoak 377 bisita bakarrik.

Gustatuko litzaidake beste era batera izatea, baina oriotarrak eroso ikusten ditut eredu pasibo batean. Eta zuri zer iruditzen zaizu? Esan zerbait! –edo ez…–

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide