Kantuz sortu naiz eta... kantuz nahi bizi

Marisa Arruabarrena eta Intza Unanue 2015ko mar. 31a, 12:59

Astean bitan izaten dut zita. Bederatziak hamar gutxitan arrandegiko horretan geratzen gara, eta elkarri txanda eman ezinik iristen gara Kosta Tailerrera, alegia, Salatxoko lokalera. Honi ere jarri beharko litzaioke beste izenen bat… Izenak izana baitu… Baina hori beste baterako utziko dut.

Duela 5 urte eman genion hasiera gure ibilbide berri honi eta, gaurdaino, ez naiz sekula damutu hartutako erabaki hartaz. Batzuetan alaiago, besteetan nekatuta, urduriago, baina beti hasierako egun hartako ilusio eta zirrara berberarekin jarraitzen dut. Salatxokide izateak artezkar berri bat ekarri dio nire bizitzari. Idazteak, betidanik, barne-grinak askatzen lagundu izan dit.  Ene sekretu handienei irteera eman diet ordenagailuko teklatuari klik eta klik eginez.  Nire bakardadean...

Baina Salatxokoekin, kantuz igortzen ditut nik penak ihesi. Orain talde bateko partaidea naiz. Gure abesbatza familia handia bihurtu da. Egiten ditugun kontzertu eta ekitaldi guztiekin herria bilduz abesten duen taldea da gurea. Hemendik urte batzuetara nire  bilobei esango diet Salatxon abestuz kantuz biltzen nituen  aldeko lagunak. Zer gehiago eska dakioke?


Karkarak eskaini didan atal honetatik  herri honi  erregutu nahi nioke  kantuz sortu naizenez  eta, kantuz  bizi , bada, kantuz egin dezatela nitaz  oroitzian...

 

Kantuz hazi eta bizi naiz. Niretzat ez da bi nota ahoskatzea soilik, ezta ere ongi edo gaizki egitea. Hori baino askoz gehiago da, zerbait berezia da. Musika da askotan negarra eragiten didana, baina baita malkoak lehortzen dizkidana ere.

Ez naiz bereziki hitzez espresatzen den pertsona horietakoa. Horregatik nire honetan kantatzeak
barruan dudan guztia kanporatzen laguntzen dit. Errealitateaz eta oroitzapen txarrez ahaztu, eta nire munduan murgiltzen naiz. Musikari esker, aske sentitzen naiz, musikari esker naizena naiz.

Jendaurrean kantatzean, nire sentimenduak espresatzen ditut bai, baina horrez gain entzuleengan zirrara eragiten saiatzen naiz. Entzuten nautenean beraien barnean zerbait berezia sortzen. Ez dago ezer ederragorik nire ahotsarekin hori lortzea baino. 

Historian zehar hitzak ondo lotuz testu sakonak sortu izan dira eta betirako gorde daitezke, baina jendearen bizitzan inarrostea lortzen duen abestia harago doa; oroitzapen ederrarekin bat eginez, nork ez du momentu berezi batekin lortzen duen abesti bat?

Azken finean eskatzen dudana ez da musikatik bizitzea. Nire helburua ez da musika lanbide bihurtzea baizik eta nire ahotsak zerbait bitxia helarazteko gaitasuna duela jakitea. Beraz, kantuz  sortu naiz eta, kantuz nahi dut bizi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide