Nazioarteko estropadak

Estropada harmailetatik ikusteko sarrerak salgai

Karkara 2015ko mar. 31a, 12:23

Moilan harmaila prestatu da herritarrek estropada ikusteko. Sarrerak bost eurotan daude salgai Bordatxo eta Aterpe tabernetan. 200 sarrera jarri dira salgai.

Cambridge taldea astelehenean, atzo, iritsi zen Oriora. Aste osoan goiz eta arratsalde entrenatuko dute, beren egonaldia ahalik gehien aprobetxatzeko. Gustura daude Orion, eta Arraunketa Elkarteak emandako aukera eskertu nahi dute.

Lau egun gelditzen dira egun handirako

Larunbatean jokatuko da Nazioarteko estropada. Ibon Huegun Orio Arraunketa Elkarteko lehendakariak esan digunez prest daukate guztia: oriotarrei balkoian bandera horia jartzeko eskatzen diegu, herrian zehar zabaldu ditugun globo horiak erabiltzeko. Herria hori kolorez jantzi nahi dute, girotu. Nabari dadila zein den etxekoen kolorea. Eta, horrez gain, herrikoak animatzeko eskaria ere egin dute.

Estropadak arratsaldean izango diren arren, egun osoko festa antolatu da. Goizean goizetik hasita, haurrentzat tailerrak izango dira Babyauto gunean, plazan. 11:30ean taldeen aurkezpen ekitaldia egingo da, eta jarraian, 12:00etan, txarangen arteko lehiaketa izango da. Arratsaldeko 16:15ean estropada hasiko da.

Harmailako sarrerak salgai

Giroa berotzen hasia dago plaza inguruan. Nazioarteko estropadan parte hartuko duten taldeen palak balkoian daude jarrita, zortzikoa kioskopean eta bandera horiek hartzen dute plaza. Atzo harmaila izango denaren oinarria jartzen ari ziren Orioko Udaleko langileak.  Izan ere, portuan harmaila prestatu da herritarrek estropada ikusteko.

Sarrerak bost eurotan daude saigai Bordatxon eta Aterpen. Estropada eserita ikusi nahi duten herritarrek azkar ibili beharko dute, guztira 200 sarrera jarri baitira salgai.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide