Nazioarteko estropadak

Imanol Garmendia: "Atzerriko taldeekin neurtzea ona da gure prestakuntzarako"

Karkara 2015ko mar. 31a, 11:34

Gogotsu dago Imanol Garmendia. Nazioarteko Estropadak jokatzeko gogoz beteta. Gertukoen ahotik hainbatetan bizi izan dituen estropadetan bizi-bizi ibili nahi du, bandera etxean gelditzearekin amesten baitu.

Nazioarteko estropadak berreskuratzea, berriz egingo zirela jakitean, zer sentitu zenuen?

Gazteak garenok beti entzun dugu Estropada Internazionaletan sekulako giroa eta maila ona egoten zela. Orduan, horrelako estropada batean arraun egitea, eta gainera herriaren ontzian, izugarrizko ilusioa ematen dit.

Horrelako ekitaldi garrantzitsu bat aulki mugikorrean izatea garrantzitsua da?

Orokorrean aulki mugikorra ez da oso ezaguna; ez hemen, ez inon. Beraz, horrelako ekitaldi bat egotea onuragarria da jendeak kirol hau ezagutzeko.

Beharrezkoa du bultzada, hortaz, aulki mugikorrak?

Beharrezkoa da, ahalik eta pertsona gehienek arraun mota hau probatu dezaten. Arraunlari kopuru handi gabe oso zaila da bultzada izatea.

Zuek Sevillan ere izaten zarete, han eta hemen egoera antzekoa bizi al du aulki mugikorrak?

Sevillan presentzia handiagoa du aulki mugikorrak. Besterik ez dagoenez, aulki mugikorra bakarrik egiten denez, horrek du indar gehien.

Traineruak egun duen presentzia eduki nahiko zenukete?

Alde batetik, ona da presentzia edukitzea dirua lortu ahal izateko. Baina, beste alde batetik, guk diruari ez diogu erreparatzen. Izan ere, gu aulki mugikorrean ibiltzen gara gustatzen zaigulako, ekonomikoki ez baitugu asko ateratzen.

Oraingoan, aulki mugikorrak izango du protagonismo osoa. Gogotsu zaude egun handirako? 

Gogoz beteta! Orain Sevillan Udaberriko trial txapelketa jokatu dugunez, hemen gaude. Asteazkenean goaz etxera entrenatzera eta indarrak hartzera, beharko ditugu eta.

Atzerritik ere datoz lehiakideak, aurkariak. Horrek lehiarako grina, gogoa, areagotzen dizu?

Gure maila erakutsi nahi dugu. Azkenean, horrelako taldeekin neurtzea ona da gure prestakuntzarako.

Irabazteko helburuarekin aterako zarete?

Noski!  Parte hartzea ez da nahikoa guretzat. Ehuneko ehuna eman nahi dugu, eta hori eginez gero, irabazteko aukera asko izango ditugu. Horretarako herri guztiaren animoak eskatzen ditugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide