Orioko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria ari da lantzen. Herriko zenbait eremu hobetzeko bidean, herritarren parte hartzea bilatzen du Udalak. Biharko Orio nolakoa izango den herritarren eta Udalaren artean erabaki nahi da. Horretarako, hainbat bilera-ireki antolatu ditu Udalak.
Bi bilera jada eginda daude. Lehen bi horiek orokorrak ziren; lehendabizikoan azalpen orokorrak eman ziren, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra zertan datzan azaldu zen. Bigarrenean eremuz eremuko azalpenak eman ziren. Azaleko azalpen horien ostean, sakontzen hasiko dira.
Gaur izango da lehen bilera zehatza, mugikortasunaren ingurukoa. Orioko mugikortasuna landuko da gaur, 20:00etan. Bai oinezkoena, ibilgailuena... orokortasunetik hasi eta zehaztuz joango da bilera, parte hartzearen arabera.
Bilera horiekin guztiekin Udalak herritarren parte hartzea bilatzen du. Etorkizuneko Orio nolakoa izango den herritarren esku ere utzi nahi dute, berak baitira oriotarrak eta Orion bizi beharko dutenak. Hortaz, oriotar guztiei bilerara etortzea eta ekarpenak egitea animatzen zaituztete.