Gaurkoan moila bazterretik beharrean baserri bazterretik idatziko dizuet. Izenburua irakurrita batek baino gehiagok zalantza egin ahal izango duzue zeri buruz ariko ote naizen idazten, bidelapurren kontua aspaldiko garaietara mugatzen dela ulertuta. Nik ere hala uste nuen, bai inguru hauetan behintzat, baina azken garaiotan ikusitako jokabide batek zer pentsatua eman dit, eta ezin naiz isilik geratu.
Baliteke fruitulapurra izendapen egokiagoa izatea, ostutako ondasunak zuhaitzetako fruituak eta baratzetako barazkiak direlako.
Landagunean bizi garenok, izan baserri nahiz bestelako etxeetan, ohikotasunez izaten ditugu baratza edota fruitu-arbolak etxe inguruetan. Ohikoa izaten da, baita ere, etxe inguruetan jendea ikustea, kotxez nahiz oinez, ehizean, paseatuz edo funtsean, beste nonbaiterako bidean.
Mendia denona da, eta bertako errepideak ere bai –normalean behintzat–. Ingurunea erabiltzeko eskubide osoa izan arren, askori ahaztu egiten zaie bertako fruitu nahiz barazkiek jabea dutela, eta gehienetan, urte osoko lanaren emaitza izaten direla. Ez dut esango parean pasa eta gerezi eskukada bat, sagar, udare, edo aran pare bat hartzea gaizki dagoenik, baina hortik sakelatik plastikozko poltsa bat atera eta goraino betetzera alde handia dago.
Udazken betean gauden honetan, tamalez esan behar dut, arrunta bilakatu dela jendea hur eta intxaurrez goraino betetako poltsak eramaten ikustea, eta hori ez da onargarria. Askori konparaezina egingo zaizuen arren, kalean leihoan freskatzen jarrita dagoen bizkotxoari pusketa bat hartzea bezala ikusten dut nik.
Ez dut orokortu nahi, eta ez dut esango mendira joaten den guztiak bertakoekiko hain begirune gutxi daukanik. Baina jarrera honetako jendea gutxiengoa izan arren, ziurtasunez esan dezaket egunerokotasuneko irudia izaten dela.
Gauzak horrela, mendi ingurunean zuhaitzetatik zintzilik dauden jaki horietako bat jateko gogoa sartzen bazaizue, hartu eta jan, eta baserritarra edo etxejabea inguruan ikusten baduzue hari eskatu, ziur nago eskuzabal emango dizuela.
Mendia denona da, bai, baina baratzak eta zuhaitzak ez. Errespetuz jokatu.