Txoko pribilegiatu honetan nire lehen zirriborroa egin nuenetik, sarritan, idazteko grina nondik datorkidan galdetu izan didate. Nire kasuan, irakurtzearen eta idaztearen abentura bata besteari lotuta joan direla esan dezaket. Nire idazteko gogoa irakurtzaletasunak munduratu baitzuen. Eta eskerrak, niretzat barnekoa kanporatzeko formula bikaina baita idaztea. Beraz, nire erreleboa izateko gonbita luzatzen dizuet.
Eta noizko kontua izango da paper gainean tindatua dagoen edozer zokomiatzeko zaletasuna edo jakin-mina? Ba ni eta fantzineen, egunkarien eta antzerakoen arteko maitasun harremana, eskola garaia amaitu bezain pronto koka genezake. Lehen xirriek eta lehen orgasmoek ez zuten ikastolako paretarik zelatan.
Zehazki esateko, hitzekin izandako lehen laztana, derrigor difunto bihurtu zen egunean eduki nuen. Derrigor diktadorea bizi zen bitartean galarazita baikenuen nahi genuen liburua aukeratzea. Klase guztia, agindutako liburua erosi, eta irakurtzera. Eta, jakina, gauzak derrigorrez eta gogoz kontra egiten direnean…
Hainbat koloretako 30 ume, baina azal bakarra aukeran. 30 mukitsu soka berari helduta, denak markatuta dagoen norabidean zuzen. Bakoitzaren gustuak, dohainak eta zaletasunak sakondu ordez, denak komeni den mugetan lehiatzera behartuak izan ohi gara jaio orduko.
Berdin dio ikasitakoaren erdiak bakarrik balio badizu edo balio dizunaren erdirik ez baduzu ikasi. Denean maila bat ematera behartuta gaude, hurrengo mailara pasa nahi badugu behintzat.
Norberak bere marrazkia marraztu beharrean beste batek marraztutakoa margotzea ohitzen gaituzte. Proiektu batzuen pieza izateko mekanizatzen gaituzte, proiektua egiten irakatsi ordez. Asko ikasteko sortuak dauden kartzeletan, askoz gehiago da irakasten ez digutena. Hainbat gaitan formatu ordez, gutxi batzuetan desformatzen gaituzte.
Gure usba hiru talderen diskografiaz betetzen digute hogei talderen aniztasunez bete beharrean. Hiru talde horiek kuttunak badituzu zorionak eta bestela izorratu. Martxa honetan, sormena eta autosufizientzia moja eta taller mekaniko izatera pasako dira; konbentuko sor-mena eta auto-sufizientzia ibilgailuen ospitalea izatera.