Mari hasi da Anbototik jaisten sorginekin batera. Basajaun ere mendian behera dator. Olentzerok eta Mari Domingik utzi diote ikatza egiteari, eta menditik kalera datoz. Bidean dira. Laister hemen dira.
Ttuntturroen deiarekin jakingo dugu iristear daudela. Herriari berek emango diote abisua, adar-jotzaileekin batera. Baina, inor baino lehen, galtzagorriak iritsiko dira. Arratsaldeko 18:00etako plazan izango dira, gutunak jasotzen.
Olentzero eta Mari Domingik azpimarratu dute gutunazaletan desio materialistak bildu ordez, hobe dela sentimenduak, ametsak, gogoak eta asmoak idaztea. Zoriontasunaren gakoa hori baita, eta berek, hori oparitu nahi dute.
Galtzagorrien ordu berean, Kosta tailerretik, Mari eta sorginak aterako dira. Basajaun eta artzainak gaztetxetik aterako dira, eta Olentzero eta Mari Domingi plazara gerturatuko dira.