Mari Domingi, Olentzeroren laguntzailea, eskutitzak jasotzera joango da ikastolara gaur arratsaldean. HH 2, HH 3, HH 4, HH 5, LH 1 eta LH 2ko ikasleen gutunak jasoko dituzte.
Bihar, abenduaren 23an, miniolinpiadak egingo dituzte. DBHko ikasleek irakasleen aurka jokatuko dituzte hainbat partida eta LHko jokasleek jolasak egingo dituzte.
Etzi, goizeko 11:00etan hasiko dira kalez kale abesten. Zaragueta Herri Eskola ere ibiliko da abesten; bi ikastetxeetako HH eta LHko ikasleak, gurasoak eta irakasleak izango dira kantuan. DBHkoak ordu bete lehenago hasiko dira kantuan, 10:00etan, eta Zaharren egoitzara egingo dute bisita.
Tonbola ere izango da, DBH 4ko ikasleek jarriko dutena. Biltzen den diruaren erdia Ruandara bidaliko da; beste erdia, ikasketa bidairako gordeko dute.
Gabonetako, eta urteko, azken ekintza abenduaren 27an antolatuko du Ikastolak. Gaztain jana izango da arratsaldean. Gaztain erreak jateaz gain, estalpe, euskal-jantzi eta Gabonetako abestien lehiaketa ere egingo da.
Olentzerorekin, aiton-amonekin eta haurrekin kantuan
Zaragueta Herri Eskolara abenduaren 19an joan zen gutun bila, kasu honetan, Olentzero. Gutunak jaso eta ireki baino lehen, opariak utzi ditu, eskolan jolasteko jostailuak. Ikasleak eta irakasleak kantuan ibili dira Olentzerorekin batera.
Egun batzuk lehenago, abenduaren 15ean, aiton-amonekin batera abestu zuten. Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko ikasle eta irakasleak Eguneko Egoitzan izan ziren Gabon abestiak kantatzen. Nagusiekin eta txikienekin ere kantatu zuten, Haur Eskolara ere egin baitzuten bisita.