Frontenis txapelketako podiumeko postuak erabaki ziren larunbatean. Hirugarren postua Peiro eta Arruti geratu ziren; bigarrenean, Makazaga eta Indo; eta lehenengoan, hau da, irabazleak, Galarraga eta Ostolaza izan ziren.
3. eta 4. posturako partiduan Aritz Peiro eta Iban Arrutik 30-29 irabazi zuten Asier Zabaleta eta Jon Juaristiren aurka. Tanto bakarreko aldearekin igo ziren podiumeko hirugarren koskara. Emozio ugariko partida izan zen, amaieraraino erabaki ez zena. Tanto oso politak jokatu zituzten eta partidua ikusgarria izan zen.
Finalean akats gehiago egon ziren, eta tartea ere handiagoa izan zen. Hasieratik hartu zuten aurrea Eneko Galarraga eta Xabier Ostolazak. Partidaren kontrola izan zuten lehen tantotik. Berehala 24-13ko tartea jarri zen bi taldeen artean. Josu Makazaga eta Mikel Indok jokoa hobetu eta parekatzea lortu zuten. Tanto bakarrera jarri ziren, 25-24. Asko gerturatu ziren arren, ezin izan zieten aurrea hartu. 30-25 emaitzarekin amaitu zen partida. Txapela, hortaz, Galarragak eta Ostolazak jantzi zuten.