Gure Bazterrak

Grises: "Azken urteotan, apur bat jaitsi egin da kontzertuen interesa"

Karkara 2014ko aza. 26a, 14:26

Zestoarrak Mexikon izan dira. Etxera bueltan eskainiko duten lehen kontzertua ostiral honetakoa izango da. 19:00etatik aurrera, Orioko Karela kiroldegian.

Ufologian, extraterrestreei, horrela deitzen zaie. Ideia horretatik abiatuta jarri zenioten Grises izena taldeari?

Bai, lehen genuen talde baten izenaren laburdura ere bada Grises, baina martzianoena gogoan genuen izena jartzerakoan. Ufologiaren oso fanak gara, beti ikusi izan ditugu Expediente X eta antzerako serieak. Izen aproposa iruditu zitzaigun gure musikarentzat.

Extraterrestea, paranormala. Zuen musikarekin kanonak hautsi nahi izan dituzue?

Beti saiatu gara garatzen, estilo batean harrapatuta ez geratzen. Gure eguneroko bizipenak zuzenean dute eragina gure musikan; beraz, ezinezkoa egiten zaigu beti berdina egitea. Horrez gain, oso autokritikoak gara, eta horrek ere beti laguntzen digu disko berri bat edo kanta berri bat egiterakoan aurrera pausu bat eman eta gauza berriak probatzeko ausartak izaten.

Musika dantzagarria egiten duzuen euskal taldea zarete. Hori jada nahiko desberdina da, ezta?

Agian lehen rock gogorrarekiko zaletasun oso handia zegoen Euskal Herrian, baina badira urte batzuk beste estilo asko sartu direnak eta talde asko daude Indie edo beste doinu batzuk jorratzen dituztenak; bestak beste, Delorean, We Are Standard, El Columpio Asesino...

Euskaldunok dantza ez dugula egiten diote... 

Ez pentsa, normalean gure kontzertuetan guztiak hasten dira dantzan, bai kanpoan eta bai hemen. Akaso lotsa gehiago du hemengo publikoak, baina kontzertu amaierarako guztiak animatzen dira.

Euskal taldea izanik gaztelaniaz abesten duzue. Zer dela eta?

Ingelesez abestuko bagenu inork ez liguke galdetuko ea zergatik abesten dugun beste hizkuntza batean. Euskal Punk musika asko entzuten genuen taldea sortu genuenean, musika ildo horretan talde askok abesten zuten gazteleraz eta gugan eragina zuzena izan zuten talde horiek guztiek.

Euskal Herriko txoko askotan jo duzue, baita espainiar estatua ere. Orain, Mexikora zoazte. Zuen helburua Euskal Herritik kanpora zabaltzea da?

Beti jo izan dugu gehiago etxetik kanpo etxean baino. Agian taldea sortu zenean bazen helburu bat kanpora joatea, intriga sortzen zigun zer izango zen bira bat egitea Euskal Herritik kanpo, eta bide horretatik, egia esan, poz handiak eman dizkigu taldeak azken urteetan. Orain Euskal Herrian gehiago jotzea ere faltan sumatzen dugu, gustura aritzen baikara gure inguruan jotzen. Beharbada orain guretzat erronka bat da hemen ere gure musika erakustea... baina erronka guztiak gogoko ditugu!

Mexiko hiriburutik Oriora. Aldaketa handia izango da...

Mexikoko bidaia esperientzia paregabea izan da. Hango musika ulertzeko erak txundituta utzi gaitu, kulturalki gu baino mila aldiz aurreratuagoak daude eta errespetu handiz entzuten dituzte talde guztiak. Gustura ibili gara Mexikon jotzen, baina Orion jotzeko ere gogo handia ekarri dugu bueltan.

Etxe ondoan gaude eta giro polita sortuko da. Talde lagun asko juntatuko gara bertan eta Mexikoko tekila ere ekarri dugu berekin elkarbanatzeko backstagean!

Orion izango zarete ekimen berri bati esker: Gure Bazterrak. Zer iruditzen zaizue horrelako proiektuak martxan jartzea?

Paregabea! Oso garai zailak dira horrelako jaialdiak antolatzeko eta norbaitek horrelako iniziatiba edukitzea txalotzekoa da! Jende gutxik daki zer esfortzu dakarren horrek eta baloratu beharra dago.

Euskal musika sustatzeko aukera ona iruditzen zaizue?

Bai. Talde ezberdinak ikusteko, ezagutzeko eta giro apartaz gozatzeko aukera polita ere bada.

Eta, sustatzeko beharra duela uste duzue?

Beti egon da musika pila eta interes musikal handia Euskal Herrian; hala ere, azken urteotan, apur bat jaitsi egin da kontzertuen interesa. Horregatik etortzen dira ondo horrelako jaialdiak.

Kultura kontsumitzeko moduak aldatu dira. Zuek egiteko modua aldatu behar izan duzue kontsumo-ohituren aldaketagatik?

Guk asko ez dugu antzeman, gu ere aro honen barnean sortutako taldea baikara.

Hori bai, gaur egun oso oso zaila da musika ogibide bilakatzea, beraz, oso zaila da behar duzun denbora eskaintzea abestiak egiteari. Aldatu egin da hori guztia.

Zuen azken lana 2014an argitaratu duzue, Animal. Biran zaudete buru-belarri ala jada begirada jarria duzue beste disko batean?

Oraindik goizegi da beste disko batekin lanean hasteko. Momentuz neguko bira geratzen zaigu, baina, apika, Mexikora itzuliko gara. Ondoren hasiko gara disko berria prestatzen, baina, egia da, ideia eta abesti pare bat baditugula hasita. Kosta egiten zaigu geldirik egotea!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide