Asteazken honetan emango zaio Euskaraz bizi-bizi jardunaldiari bukaera. Mahai-inguru batekin egingo dute, azaroaren 26an, herriko hainbat eragileren parte-hartzearekin. Euskararen gaiarekin zerikusi zuzena duten elkarteak eta Udaleko alderdiak juntatu nahi izan ditu Udalak.
Eta Orion zer egin dezakegu hiztunak aktibatzeko? Galdera honen bueltan arituko dira mahai-inguruan. Antolatzaileek, batez ere, aurrera begirako ikuspegia landu nahi dute. Oriok dituen ahulguneak eta indarguneak aztertuko dira, hizkuntzarekiko kezka nola zabaldu dezaketen ere eztabaidatuko dute, euskaraz bizitzen jarraitzeko arrazoiez ere mintzatuko dira eta euskara elkarte baten beharra dagoen ala ez adostuko dute. Hori guztia dinamizatzen Xabier Sukia arituko da.
Nola ikusten gaituzte arnasguneetakoak ez diren euskaldunek?
Pasa den astean giro erdaldunetako euskaldunek hartu zuten hitza. Mahai-inguruan arnasguneetakoak nola ikusten gaituzten aipatu zuten Fredi Paiak, Maite Indak eta Asier Lafuentek.