Usain, zapore eta kolore askotako asteburua izan da atzean utzi duguna. Usaina, bat eta bakarra: parrilan egindako bisiguarena. Ostegunean piztu zen sua atzo itzali zen, igandearekin. Zaporea ez soilik bisiguarena, baita marmitako eta hegaluzearena ere. Koloreak asko, baina bat guztien gainetik: horia. Horiz jantzi zen larunbatean eta igandean Orio, Oria ibaian jokatu baitira estropadak.
Bisiguaren Bandera Zumaiak irabazi zuen larunbatean, Orioko Kanpina Bandera San Juanek eta Urdaibaiek astindu zuten; eta San Miguel ligako lidertza etxean, Orion, geratu zen.