Haize bortitza sartu da mendebaldetik

Karkara 2014ko uzt. 17a, 17:29

Hogei mintutuan eguraldia 180º aldaketa eman du: tenperatura 10ºC jaitsi da euskal kostalde osoan eta haize-bolada bortitza etorri da

Udara etorri zen, baina eguraldi onari kosta egin zaio etortzea. Uztailaren bigarren hamabostaldia giro beroarekin eta eguzkitsuarekin hasi genuen, eta Orioko hondartzan bisitari kopurua handitzen joan da eguraldiak hobera egin ahala. 

Gaur goizean ere hondartza jendez gainezka zegoen, sargori baitzegoen. Bat-batean, ordubiak aldera, hondartza hustu egin da. Galerna etorri da mendenbaldetik. Haizearen norabidea mendebaletik ipar-mendebaldekoa izatera pasa da, eta indarra 100 km/orduko baino goragokoa izatera hel daiteke. Euskalmetek zabaldu duen informazioaren arabera, hogei mintutren buruan bataz beste 10ºC egin du behera tenperaturak Gipuzkoako kostaldean.

Ohikoak dira euskal kostaldean eguraldi aldaketa hauek. Haizearen norabidea, tenperatura eta abiadura aldatu egiten da eta galerna sortzen da. Galernarekin haize-bolada handiak sortzen dira, tenperaturak bera egiten du, zerua ilundu egiten da eta itsasoa zakartu.

Gaur iluntzean, ordea, zeruak ez dira ilunduko Euskalmeten arabera. Ostiralean hodeiak sartuko dira eta ekaitza botako du, baita larunbatean ere. Igandean ere zerua hodeitsu izango da eta euria egingo du. Eguraldia lagun ala ez, Orion gaurtik aurrera festa handia izango da. Eguraldia ez da aitzakia izango bisiguaz eta arraunaz gozatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide