Karkarak 25 urte

Lasterka hasi genuen ospakizuna, ziztu bizian amaitu da

Karkara 2014ko uzt. 1a, 08:55

Goizen goizetik hasi zen Karkararen 25. urteurren festa. Lasterketa lehenik eta bazkaria gero. Arratsaldeko 6.30etara luzatu arren, azkar batean igaro ziren orduak festa eta lagun giroan

Beñat Solaberrieta eta Igor Iturain, Txetxu Lete eta Zigor Saizar, Nadeth Agirre eta Malen Iturain, Jon Agirresarobe eta Lourdes Salsamendi. Dortsalean zenbaki berdina zutela, elkarrekin pasa ziren helmuga marratik bai hasterkoan, bai ailegatzerakoan. Beraiek eta beste 14 bikote. Guztiek Karkarak euskalgintzari egindako ekarpenaren alde egin zuten korri.

Ez ziren irabazteko helburuarekin atera, parte hartzea zen xedea. Hortaz, sariak zozketaz banatu genituen eta bikote bakoitzak Itziar kirolak dendan gastatzeko bale bat eskuratu zuen. Eneritz Odriozola eta Miren Etxeberria, eta Carlos Rodriguez eta Aitor Lizaso izan ziren sarituak.

 

Binakako lasterketa bukatu eta bazkaria prestatzen zen bitartean txaranga ibili zen Orioko kaleak alaitzen. Beraiek girotu zuten 12.30etatik 14:00etarako tartea. Ordubietan, mikronofonoaren parean jarri zen Miren Etxeberria eta aurkezpen ofiziala gidatu zuen. Berak eman zion hitza Beñat Solaberrieta Orioko alkateari, Igor Iturain Aiako alkateari, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Diputazioko Euskara Zuzendariari, Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariari eta Tokikomeko Inazio Arregiri.

Bakoitzaren hitzak entzun ostean 25 urte hauetan Karkararen ibilbidean bidelagun izan ditugunon hitzak entzun eta ikusi ahal izan genituen Jon Garate eta Iñigo Expositok egindako ikus entzunezkoan. 

Platerean zai genuen bazkaria jaten hasi ginen. Bazkal ondoren Karkarako sortzaileak omendu genituen: Miren Etxeberria, Ana G. de Txabarri, Iñaki Iturain, Ana Iturain eta Jabi Zabaleta. Oroigarriak banatu eta gero kantuan aritzeko beta izan genuen Orioko Curriculuma Sortzen, Euskaraz bizi-bizi eta Udalarekin elkarlanean egindako kantu liburuxkak banatuta. Eta horrela amaitu zen Karkarak antolatutako urteurren bazkaria, abesten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide