Erria txikota!

Kantuak dioena irudietan islatzen

Olatz 2014ko mai. 14a, 14:33

Lehen, arrantzaleen herria zen Orio. Gaurko Orio ere arrantza munduari lotua dago. Iraganaren eta orainaren arteko jokoa egin dute bideoklipean

Itsasontziaren gidaritza Maialen Sarasuak hartu du eta ez du une bakar batean galdu ontziaren lema. Alboan izan ditu Urtzi Garmendia, Olatz Zugasti eta Joseba Orella. Laukoteak mimoz landu du herri arrantzaleetako giroa eta Orioko herriaren ezaugarriak arrantzatu nahi izan dituzte. Hori guztia islatzen da gaur aurkeztu duten Erria Txikota! abestiaren bideoklipean.

Generazioz generazio ohiturak transmititzen

Arrantzale herriak galtzear zituen arrantzari lotutako usadioak. Gazteek askok ez zekiten txikota zer zen, eta are gutxiago, egiten. Bideokliparekin honi heldu nahi izan zaio, eta kultur-transmisio hori eman nahi izan da. Haurrak, gazteak eta ez hain gazteak jarri dira txikota egiten, eta azkenerako guztiek ikasi dute korapiloak egiten. Bideokliparen hasieran aiton-amonak ageri dira eta bilobari erakusten diote, ikus-entzunezkoan zehar, arrantzaren nondik norakoak zein diren.

Argazki zaharrak eta irudi berriak

Post produkzio lan itzela du bideoklipak. Argazki zaharrei mugimendua eta dimentsioa eman zaie, honela, dinamismo handiko bideoklipa egin dute. Garai bateko argazkiak egungo irudiekin nahastu dira; honela, garai bateko arrantzale herriari erreferentzia egin zaio, eta egungo Orio ere arrantzale herria dela erakutsi da.

Barnealdekoak kostaldera hurbiltzen

Erria Txikota! kantua plazaratu zenean barnealdekoen kexak jaso zituzten; letra ulergaitza zela eta, ondorioz, abestiaren esanahia zein zen ez zekitela zioten. Ulergarritasuna bultzatze aldera, bideoklipean zehar letraren zatiak sartu dituzte, honela, abestiaren ikasteko errazagoa izan dezaten. Grafismoa, hortaz, helburu horrekin txertatu duten ikus-entzunezkoan.

 

Kantariak eta ikasleak antzezle

Ikastolako ikasle eta ikasle ohiek hartu dute parte grabazioan. Bideoklipan parte hartu duten guztiei, oro har, gustatu zaie emaitza. Mirene Elizondo, esaterako, Erria Txikota! abestiko abeslarietako bat izan da eta ikaragarri gustatu zaio bideoklipa. Oilo ipurdia eta dena jarri zitzaidan lehen aldiz ikusi nuenean, aitortzen du. Bideoklipak txikitako momentuak gogorarazten dizkio, izan ere, Elizondo arrantzale familia batekoa da. Aitonak eta aitak itsasoko istorioak kontatzen zizkidaten eta ni gustura aritzen nintzen beraiei entzuten, eta bideoklipean, umeak agertzen direnean, aitak baporean pasa zituen gauak etortzen zaizkit gogora. Bera, ahal zuen guztietan, aitarekin joaten zen. Elizondok ondo gordetzen duen beste oroitzapenetako bat moilatik irteten zirenekoa da beti etxeko balkoitik zain egoten ginen ama eta biok aitari agur egiteko.

 

Eneritz Aluestia ere kantuan ibili da eta berari ere pila bat gustatu zaio, batez ere bideokliparen hasiera. Antzinako irudiek bideoklipari izugarrizko xarma ematen diotela uste du eta horrelako bideoklipetan dena moderno egitearen joerarekin apurtzea oso ongi iruditu zaio. Zuri-beltzeko irudiak oraingoekin uztartzea erabaki ona da. Bestalde, letra argertzeak harritu egin naun arren, lehorrekoei ulergarri egiteko positiboa dela deritzot. Julen Alonso musikaria harrituta geratu da egin duten muntaiarekin. Asko gustatu zaio ikastolako umeek parte hartzea, baita lehengo eta oraingo Orio alderatzea ere. 

 

Erronka eta Balearen ondarea

Estreinakoz lehengo urtean antolatu zen Erronka. Lortutako arrakasta medio, aurten ere segida izango du ekimenak eta Gipuzkoako Ikastoletako gaztetxoentzako Erronka izango da urriaren 5ean. Beroketa lanetan dabiltza jada ikasleak, eta Erria Txikota! astea aitzakia hartuta, bi proba egin dira gaurko egunean. Goizean DBHko 9 ikasle taldek lehen proba egin dute eta bazkalostean uretako proba egin dute.

Arratsaldeako 19:00etan, Balearen eguna dela eta, Balearen ondarearen inguruko hitzaldia emango du Jon Maiak. Ikastolako Areto Nagusian izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide