Erria txikota!

Ander Errasti – "Eszenatokira igotzean beldur guztiak ahazten ditut"

Miriam 2014ko mai. 15a, 10:22

Talai Mendik asteburuetan antolatzen zituen ikastaroetan hasi eta Aukeran Dantza Konpainian dago orain. Maiatzaren 17an Orion dantzatuko du, Geltokian, ikuskizun berriarekin.

Noiz eta nola hasi zinen dantzan?

Talai Mendi elkarteak asteburuetan euskal dantzak erakusteko saioak antolatzen zituen txikia nintzela, 7 edo 8 urte nituenean. Hara joaten nintzen hasieran, baina gero, musika eskolan, dantza eskolak ematen hasi ziren. Horrela hasi nintzen, 11 edo 12 urterekin, eta hor jarraitu nuen 16 urte ingurura arte. Ondoren, 16-18 urte bitartean Harribilen egon nintzen nuen.

Musika eskolako klaseak Aukeran dantza taldeko oraingo zuzendariaren emazteak ematen zituen, eta ezagutzen ginen beraz. Aurrerago, taldean mutil falta zutela-eta, nitaz gogoratu ziren eta kontaktuan jarri ginen. 2002an sartu nintzen han, 18 urte egin nituenean.

Saltoa nabaritu zenuen Harribiletik Aukeranera?

Alde batetik bai, saltoa dago, profesionala delako –lanbide izan gabe-, eta maila altua eskatzen du. Baina estilo aldetik berdina da. Azken finean, musika eskolan egiten genuena euskal dantza zen, baina baita koreografia desberdinak ere. Aukeranek markatutako estiloa izan da hori eta, kasu horretan, bide hori jorratua zegoen.Lagungarria izan zitzaidan, beraz, Aukeraneko jendea izatea hemen erakutsi zidana.

Mutil falta aipatu duzu. Orain ere arazo berdina duzue?

Nik esango nuke okertzen joan dela. Orain musika eskolan neu naiz dantza irakasle; 180 ume inguru ditut eta ikasle eta horietatik 10 dira mutilak.

Zer eman dizu dantzak?

Segurtasuna eman dit, jende aurrean dantza egiteko aukera, eta horretarako behar duzun ziurtasuna bizitzarako erabiltzen ikasi dut. Errespetua ere eman dit; garrantzitsuena hori dela uste dut, talde lanerako. Bai konpainian eta baita egunerokotasunerako ere. Harremanak estutzen ere ikasi dut. Agian inkontzienteki egin dut hori guztia, baina orain, hotzean pentsatuta, hori lortu dudala uste dut.

Erakusten duzun garaian ere, aipatu dituzun baloreetan jartzen duzu fokua?

Dantza erakustean, oinarrizko gauza batzuk jakin dezaten ahalegintzen naiz. Den dena ez bada ere, oinarrizko gauza batzuk ezagutaraztea, ondo pasatzea, eta guzti hori errespetuz eta jendearekin harreman ona izanez lantzea da nik transmititu nahi dietena.

Beti saiatzen naiz, guk egiten genuen bezala, koreografiatara bieratzen. Hori da batez ere, gazteei jarraitzeko txispa hori ematen diena. Saiatzen naiz beren gustoko abesti bat aukeratzen, beraiek egindako pausuak erabiltzen, beren lana baloratzen. Azken finean, beraiek saiatu daitezela nahi duten hori lortzen. Sorkuntza ere lantzen dugu. Leheneno urteak euskal dantzak ikasteko izaten dira batez ere, oinarri bat hartu, eta gero koreografiak egiten ditugu pauso horietatik abiatuta.

Geltokia emanaldia eskainiko duzue. Zer kontatzen duzue?

Bizitzako etapa desberdinetara bideratzen da emanaldia. Pertsona bakoitzaren bizitza izango dira trenak. Eta tren horiek geltoki desberdinetan elkartzen dira. jaiotza, gaztaroa, helduaroa, zahartzaroa... kontatzen ditugu.

Maletak agertuko dira ikuskizunean zehar eta horiek pertsona bakoitzaren bizipenak dira, sentimenduak, oroitzapenak, ohiturak... norberak eramaten dituen gauza horiek, esperientziak. Egunerokotasunetik, amodio kontuak, haserreak, eguneroko sentimendu horiek adierazten saiatzen gara.

Zure papera zein izango litzake?

Bederatzi gara guztira. Batzuek bikote bezala dute harremana, hirugarren bat ere agertzen da. Gero laguntasun harremanak ere badaude. Ni ez naiz horietako inor, bakartia deiturikoa izango nitzake neu. Besteen herri berdineko pertsonaia da, baina kanpora joan zen eta urte batzuetara itzuli. Bere maletan beste pertsonaia guztiak daude, oso ondo ezagutzen ditu, baina ez du horiekin harremanik.

Askotan, ikuslea eszenatokiaren aurrean ikuskizuna ikusten jartzen denean, pentsatzen du dantzariek koreografia ikasi dutela eta kito. Baina pertsonaiaren lanketa, gidoia... ere badaude ezta?

Bai, aurten batez ere. Beste lanetan ere izan dugu gidoi bat, gaia zein den eta hori transmititzen saiatu. Baina aurten zuzendari artistiko bat izan dugu, eta bera saiatu da, dantzaz gain, bakoitzaren sentimendu eta antzezlan hori zuzendu eta aurrera eramaten. Aurpegiaren transmisioa, gorputza, eskuak, hankak... dena gehiago landu dugu hortaz, ez bakarrik dantzatu.

Eta nolako esperientzia izan da hori?

Niretzako gogor samarra. Agian inoiz ez dudalako landu horrelako ezer, lotsa ematen dit askotan. Nahiz eta taldekideak izan, ezagunak izan, zerbait egin behar duzunean hasieran kosta egiten da. Gero esperientziarekin errazagoa da.

Hurrengo geltokia Orion da. Garrantzitsua da zuretzako herrian dantzatzea?

Bai, oso garrantzitsua. Bertakoa naiz, eta ilusio berezia egiten dit Orion dantzatzeak. Beste ikuskizun bat ere egin genuen Orion eta aukera gehiago ere izan ditut, herriko hainbat ekitalditan dantza egiteko. Baina talde honekin, beste prestigio bat badu eta Orion dantzatzeak ilusio berezia egiten dit. Oso urduri egongo naiz.

Lehen aipatu duzun lotsa hori, orduan, herriko jendearen aurrean, aterako zaizula uste duzu?

Ikuskizuna hastera doan momentu horretan oso urduri egoten naiz, eta Orion egin behar badut gehiago. Baina behin eszenatokira irten eta dantzan hasten naizenean ahaztu egiten zait. Gozatzen saiatzen naiz, eta beldur horiek joan egiten zaizkit.

Eta Kilometroak jaiaren alde izateak ere plusa dauka?

Bai, badu. Azken finean ni ikastolako ikasle izan naiz, beti hor egon naiz laguntzen. Honek aukera ematen dit, festa horren barruan, gainera niri gustatzen zaidan gauza batean, laguntzeko. Beraz, berezia izango da, ziur.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide