Jende askok hartu du hondakin organikoen edukiontzia Herriko Plazan

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko irailaren 13a

Edukiontzi txikiak azoka egunetan banatuko ditu Orio Zero Zabor taldeak. Horrez gain, hondakin horiek nola jaso jakiteko ikastaroak eskainiko dira

Alderdi guztietako bozeramaileek eta Orio Zero Zabor taldeak osatutako Hondakinen Mahaiak hil honetan bertan hartutako erabakiaren arabera, herritarrak birziklatzearen beharraz kontzientziatzeko asmoz, hondakin organikoak jasotzeko bio-hondakin edukiontzi –bosgarren edukiontzi– gehiago jartzea erabaki du, aho batez.

Ez da marroia: birziklatzea beharrezkoa da kanpaina abiarazi du horrela, alde batetik birziklapen-tasa igotzeko –%29 birziklatzen da gaur egun Orion– eta, bestalde, herritar guztiak baliabidez hornitzeko. Horregatik, etxeko edukiontzi txikiak –marroi kolorekoak– banatuko ditu Zero Zaborrek lau azoka egunetan, ostegun goizez, 09:00etatik 13:00etara. Irailaren 13an ziren horretan astekoak, eta hilaren 20an eta 27an eta urriaren 4an ere plazan bertan izango dira. 

1.500 edukiontzi daude banatzeko. Izan ere, 2.000 inguru familia daude Orion eta horietatik 500ek bakarrik dituzte, gaur egun, bio-hondakinen edukiontzia ireki ahal izateko giltza eta hondakinak etxean jasotzeko edukiontzi txikia. Era horretara, herriko etxe guztietan egongo litzateke hondakin organikoa birziklatzeko modua.

Ikastaroak

Behin herriko familiek birziklatzeko materiala dutenean, hondakinak nola bereizi eta erabili behar diren azaltzeko ikastaroak antolatu ditu Hondakinen Mahaiak. Noiz izango diren zehazteko dago oraindik eta udal iturrien arabera, www.oriora.com helbidean argitaratzeaz gain, kalean jarriko diren kartelen bidez jakinaraziko da.

Ikastaroa zenbat lagunek egingo luketen jakiteko, abuztuaren hasieran galdetegi bat bidali zuten herriko etxe guztietara. Bide batez, gai organikoaren inguruko informazioa biltzeko ere baliatu nahi izan da  esku-orria. Nork bereizten duen eta zein legokeen konposta egiteko prest jakingo dute horrela.

Baina oporraldia tarteko jende gutxik erantzun duela-eta, inkestari erantzuteko epea luzatu egin dute mahaikideek. Interesa duenak irailaren 17a arteko epea izango du ikastaroa jaso nahi duela jakinarazteko.Udaletxe sarreran dagoen iradokizun postontzian laga daiteke esku-orria edota bestela bulegoak@oriokoudala.com helbide elektronikora idatzita jasoko dute.

Norbaitek inkesta jaso ez badu eta bete nahiko balu, udaletxeko harreran daude eskuragarri, euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Autokonposta mugarri

Aipatutako kanpainaz gain, beste proiektu bat ere jarri du martxan Orio Zero Zabor taldeak: sukaldeko, lorategiko eta baratzeko hondakin organikoak landareentzako ongarri bilakatu eta hondakin organiko horiek lekuan bertan baliatu nahi ditu, autokonpostaren bidez. Modu horretara, elikadura-hondarrak eta sukaldeko, inausketako eta lorategiko hondakinak birziklatzearekin bat, erraustegian erreko liratekeen hondakin kopurua gutxituko litzateke eta hondakinen garraioan ere energia aurreztuko.

Oriotarrak autokonposta egitera bultzatzeko asmoz, proposamen berri bat ere kaleratu du, gainera: herriko lau txokotan –frontoi atzean, Iturbide kalean; Abaromendin; Azkueko parke inguruan, errio aldamenean; eta Dikeko parkean– autokonposta-guneak jarri nahi lituzkete. Proposamen hori gauzatzeko bidean, erronka jarri diete herritarrei: baietz 50 familik autokonposta egin Orion!

Bestalde, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko, autokonposta egingo luketen familiak zenbat diren jakin behar du Orio Zero Zaborrek. Oraingoz, e-mailez ari da erantzunak jasotzen – oriozerozabor@gmail.com–, baina beste bide batzuk ere jarriko dituzte laster herritarren galdera-erantzunak jasotzeko eta emateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide