Pianoak eta bertsoak bat egingo dute Xabier Lizaso eta Andoni Egañaren 'Bi arreba' ikuskizunean

Irati 2012ko irailaren 18a

Besteak beste Frederick Chopinen piezak eta Xenpelarren bertso jarriak entzun ahal izango dira ikuskizunean

Xabier Lizaso pianista oriotarrak eta  Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak laster jende aurrean eskainiko duten Bi arreba ikuskizuna aurkeztu berri dute. Chopinzalea da Lizaso eta Egañak Xenpelar du gustuko eta bi horien antzekotasunak baliatuko dituzte emanaldi honen hari gisa. Biak ziren garaikideak, bakoitza bere arloan artista handiak, berritzaile doinu eta neurri berezien aldetik, katolikoak, estaturik gabeko nazioetakoak, hizkuntza propidunak eta garai politiko gatazkatsuak bizitakoak. Antzekotasun horiek ez ezik, Egañak azaldu du detaile txiki batetik sortu zuela biak uztartzeko txispazoa eta hortik datorrela, gainera, emanaldiaren izenburua ere; biak hil ziren gazterik, biak gaixoaldi banaren ondorioz, bata 34 urterekin eta bestea 39rekin. Eta heriotza orduan, biek izan zuten ondoan arreba.

Lehengusuaren proposamena

Bi arreba 3Chopin eta Xenpelarrek ez zuten elkar ezagutu eta  Xabier Lizasok eta Andoni Egañak ere ez zuten topo egin proiektu honekin hasi arte. Iaz, Xabier Lizaso oriotarra, bere lehengusu Jose Luis Loidik animatuta, proposamen batekin joan zen Lankura, bertsoa oinarritzat hartuta, edozein kultur ekitaldi sortu eta antolatzen dituen enpresara.  Xabier Lizasok galdetu zigun ea bazegoen aukerarik bertsolaritza eta pianoa uztartzeko. Guk harremanetan jarri genituen Andoni Egaña eta Xabier Lizaso eta proposamen horretatik Bi arreba ikuskizuna sortu zen, azaldu du Lankuko Mikel Mariskalek aurkezpenean. 

Bi arreba 2Lizasok harriduraz hartu zuen ideia eta gogoz eman zituen proiektu hau aurrera ateratzeko lehen pausoak. Bertsoak gustuko izan arren sekula ez nuen bertsolaritzarekin gertuko harremanik izan. Bakoitzak bere mundua elkarri azaldu ahala berehala sumatu zuen Egañak Lizasoren gustuko konpositorea Chopin zela eta Xenpelarrekin lotu zuen. Nik uste dut horren meritua berak duela, haria berak lotu baitzuen nik esandakoekin.

Ikuskizunaren nondik norakoak

Emanaldira joaten direnek zerekin topo egingo duten azaldu du Andoni Egañak: ikuskizunean kontakizun batek eramango du haria eta Xabierrek Chopinen obra batzuk joko ditu hari horren aitzakian. Nik, berriz, Xabierren laguntzaz Xenpelarren bertso jarriak kantatuko ditut, baditu eta bertso sorta ezagunak: Ia guriak egin du, haizak hi mutil mainontzi, betroiarenak... Bestalde okasiorako bertso jarriak egingo ditut. Ildo narratibo horrekin ondo datozelako propio prestatuko ditut edo herri batera goazenean bertarako bereziki egin. Inprobisaziorako tarte bat ere utziko dute, bertsolaria inprobisatu gabe ez baita lasai sentitzen, dio Egañak.

Emanaldira bertsozale dezente hurbiltzea eta pianoarekin aluzinatzea espero du Andoni Egañak, baita piano zaleek edo musika zaleek bertsolaritzaren beste ikuspegi gertuagoko bat berenganatzea.

Oraingoz honako emanaldi hauek dituzte hitzartuta eta aurrerago emango dute gehiagoren berri:

  • Azaroak 1: Bilboko Eliseos Antzokian.

  • Azaroak 22: Andoain. Basteron.

  • Abenduak 12. Bilboko Deustu auzoan.

  • Abenduaren 15. Errenteria. Niessen kulturgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide