Erria txikota!

Oriora iritsi da Kilometroetako testigua

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko urr. 10a, 15:23

Igandean jaso zuen Gemma Etxabe Orioko Ikastolako lehendakariak erreleboa

Urriaren 6a egun berezia izan zen Orioko Herri Ikastolako kideentzako. Tolosan izan zen Kilometroak jaian izan ziren ikastolako ordezkariak eta 2014rako erreleboa jaso zuten. Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak lekukoa eman zion Gemma Etxaberi, Orioko Herri Ikastolako lehendakari.

Etxabe lehendakariak esandakoaren arabera, sentimenduen nahas-mahasa izan zuen lekukoa hartzeko unean. Oso pozik eta aldi berean ardurarekin hartu dugu lekukoa; izan ere, erronka handia dugu aurretik. Kanpotik ez da ikusten, baina prozesu luzea izan da. Duela hiru urte aurkeztu genuen Orion Kilometroak jaia ospatzeko proiektua eta dagoeneko errealitate bihurtu da, azaldu du Etxabek.

Ardura handia iritsi zaie orain eskuetara Orioko Herri Ikastolakoei Kilometroen festa antolatzea tokatzen zaiela jakinda: Festa handia da. Etekin ekonomikoa ateratzeko antolatzen den festa bada ere, beste balio batzuk sustatzeko ere aprobetxatu nahi dugu. Kalitatezko festa antolatzea da gure helburua eta horrek errespetu handia ematen du. Hala ere, indarra badaukagu eta lanerako gogotsu gaude.

Orain festari berari Oriok egin diezaioken ekarpenerako ideia berriak lantzen ari dira Orioko Herri Ikastolan. Horretarako, Gemma Etxabek esan duenez, sei hilabete inguru daramatza Hastapen Taldeak Kilometroak jaiarekin buru-belarri lanean. Pasa den hilabetean osatu ziren arlo desberdinak jorratuko dituzten lan-taldeak eta martxan dira dagoeneko. Hala ere, lehendakariak oriotarrak antolaketa lanetan parte hartzera animatu nahi ditu, 2014ko Kilometroak herritik herriarentzat egindako festa izatea nahi dutela gaineratuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide