Azaroaren 22an, ostiralarekin, iluntzeko 20:00etan hasita, Kilometroak 2014 jaiaren aurkezpen ekitaldia egingo du Orioko Herri Ikastolakoek Karela kiroldegian. Bertan emango dira jakitera zein izango diren Kilometroak 2014 festako leloa eta logoa.
Joseba Orella koordinatzaileak esan digunez, ekitaldi xumea izango da. Helburu nagusiak festari hasiera ematea eta Kilometroak 2014ren marka jakitera ematea izango dira. 60tik gora lagunek hartuko dute parte ikuskizunean eta saiora gerturatzen direnek, dantzaz, antzerkiaz, kantuaz, hainbat narrazioz eta ikus entzunezkoez gozatzeko aukera izango dute
Horretarako hiru zatitan banatutako ekitaldia egingo dute. Herri bat martxan badabilela irudikatuko dute lehen zatian, logoa eta leloa zein diren jakinaraziko dute bigarrenean eta datorren edizioko arropa erakutsiko dute bukaeran.
Arropa desfilean, maila guztietako ikasleek –Oteitza lizeokoak barne–, ikasle ohiek, langileek, irakasleek eta gurasoek hartuko dute parte. Sarrerak ohiko tokietan erosi ahal izango dira 3 euroren truke eta sarrerarekin arropa sorta baten zozketan parte hartzeko aukera izango da. Oraindik sarrera batzuk eskuratzeko moduan daude, Ikastolako Idazkaritzan, Lore burdindegian, Uranga burdindegian eta Il Gelaton. Aurrez sarrera guztiak salduz gero, egunean bertan ez da txarteldegirik zabalduko
Segurtasun arrazoiak tarteko, haur-kotxeak kiroldegi barrura ez sartzeko eskaera ere luzatu nahi dute arduradunek.
Arropa hilaren 23tik aurrera, Bordatxo taberna dagoen eraikinean, San Luiseko sotoa zenean, salduko dute.