Azken aldian mus partiden eta Orioko arraunlarien bandera altxatzearen lekuko izan da herriko plaza. Larunbat honetan ere ez da esku hutsik geratuko, Kirol Erronka bertan izango baita. Erronka berri batean aurrean dago Kilometroak, hirugarrengoz egingo den ikuskizunak Erronka ekimenarekin bat egingo baitu. Baina Erronka berria da plazarentzat ere, orain arte ez baita horrelakorik egin bertan. Bertan arituko diren kirolari askorentzat ere erronka berria da ate joka duten lehiaketa. Ekimenaren atarian gauden honetan, talde bakoitzeko kide batekin elkartu da KARKARA:
Iñaki Añorga
Usurbildarra da bera. Larunbateko Erronkan bizikletaren gainean egotea egozten zaio, bizikleta estatikoan, alegia. Kilometroen aldeko ekimena denez, proposamena jaso bezain pronto baiezkoa erantzun zuela dio.
Bakarka aritzen naiz, eta oraingoan, taldean lehiatzeko aukera daukat. Plazan izango da, jendaurrean eta bizikleta estatikoan. Hori ere ez dut inoiz egin, hortaz, gogotsu nago esperientzia berri hau bizitzeko.
Gainera,nahiz eta maila honetan behin ere ez den lehiatu, partaideak kontuan hartuta lehia handia eta orekatua egongo dela dio. Izan ere, diziplina bakoitzean besteak baino hobea den kirolariak egon arren, denboren batuketak esango du zein den garailea. Hau da, talde batean igerilaria besteak baino hobea bada, beste talde batean korrikalaria izango da. Berak egiten duena kirol indibiduala izanik, gogoz dago taldean aritzeko eta esperientzia berri honetan parte-hartzeko.
Leire Agirrezabala
Tolosarrak, ohi bezala, korrika egingo du. Baina oraingoan mendiak utzi eta plazara itzuli beharko du. Mendia gehiago gustatzen zaion arren, asfaltoa ere atsegin du, hortaz, ez da arazo Agirrezabalarentzat plaza inguruan korrika egin behar izatea. Gainera, lehia polita izango delakoan dago, oso kirolari onek hartuko baitute parte.
Ikastolan ikasitakoa naiz eta Kilometroakek duen garrantzia ulertu eta elkarbanatzen dut. Laguntzeko modu polita da Erronkan parte hartzea
Bere kasuan, irabaztea zaila ikusten du, gainontzeko korrikalariak azkarrak baitira oso. Parte hartzearen arrazoia sentimentala da. Izan ere, ikastolan ikasitakoa da bera, beraz, Kilometroak jaiak duen garrantzia ulertzen du eta laguntzeko modu egokia iruditu zitzaion. Horregatik animatu da bera.
Iñigo Mujika
Orio taldeko arraunlariak, trainerua ergometroarengatik ordezkatuko du larunbatean. Orioko Herri Ikastolako irakaslea izanik, bi aldeetatik biziko du erronka: kirolari moduan eta antolatzaile moduan.
Ikastolako irakasle naizen aldetik, gehiago sartzen naiz erronkan, bai kirolari bezala bai antolatzaile bezala. Proba oso polita izango da, laburra baina bizia
Antolatzaile bezala, Kilometroak jaiaren eguna iritsi aurretik girotzen hasteko aukera bezala ikusten du biharko eguna. Baita erronkaren izena zabaltzeko eta zer den jendeari ezagutarazteko ere, urriko egun handiari begira. Parte-hartzaileak aukeratzerakoan, lehia estuagoa izan dadin, oreka bat mantentzen saiatu direla dio. Kirolari bezala, gogotsu dago erronkarako; proba bizia eta arina izango dela dio, eta irabazteko aukerak ikusten ditu.
Eneritz Garmendia
Igerian arituko da zarauztarra. Ibaian egingo dute igeri, plaza ondoan, eta horrek arduratu egiten du erronka gogorra izango da, ura hotza egoteaz gain errioaren egoerak ere asko baldintzatzen gaitu eta. Ur karga, haizea... guztia kontuan hartu behar dela dio. Halaber, zailtasun horiek erronka polita izatea dakarrela dio, eta bera gogotsu dagoela azpimarratu du.
Goi mailako kirolariak dira besteak, hortaz, zaila egongo da erronka: lehiakideengatik eta uraren baldintzengatik.
Baiezko erraza duelako egongo dela dio Garmendiak, izan ere, bere burua ez du igerilari profesionaltzat hartzen. Hala eta guztiz ere, taldeen arteko lehia egotea espero du, hori erakargarria baita ikuslearentzat eta partaidearentzat. Xarma handiko erronka izan daiteke, berdindua. Berak behintzat horrelakoa izatea espero du.
Larunbat honetan kirolari hauek arituko dira lehian Orioko plazan. Bakoitzak, hiru kide gehiago izango ditu alboan; talde bakoitza lau pertsonek osatzen baitute. Taldeen arteko oreka ikusirik, lehiatua egongo dela aurreikusten da. Bihar, larunbata, 9:30etan hasiko da kirol festa.