Erria txikota!

Rafa Rueda: "Diziplina ezberdinen uztarketa beharrekoa ikusten nuen"

Olatz 2014ko mar. 27a, 17:50

Gabrielen Lekua ikuskizunaren sorkuntza prozesu guztian zehar egon da musikaria, hastapenetatik gorpuzteraino

PiLT garaiak atzean utzi orduko itxura aldatu eta bakarkako ibilbidea hartu zuen. Harrezkero, bakarlari gisa dabil Rafa Rueda –Mungia 1972– musikaria. Halaber, jendearekin ibiltzea kondena baino bedeinkapena dela uste du, hortaz, gustura dabil elkarlanean Gabrielen Lekua izeneko ikuskizunean.

Proiektuaren hasieratik zaude...
Arestiren heriotzaren 39 urteurrena zela eta Kultur Elkartea sortzekoa asmoa zeukaten, baita espektakulu bat egitekoa ere. Zenbat Gara taldetik, ikuskizuna garatzeko gonbita luzatu zidaten, eta nik, onartu egin nuen.

Zer kontatzen du Gabrielen Lekuak?
Idazle gazte baten bizipenak kontatzen ditu. Alderatu egiten ditu orduko Aresti eta gaur egun idaztera animatzen den edonor. Arestiren irudia eta poesia gaur egunera ekartzea da, hortaz, Gabrielen Lekua sentikariaren helburua. Nirekin kontatu zuten hori egiteko, hori jorratzeko. Nik, ordea, diziplina ezberdinak uztartzearen beharra sentitu nuen. Andoni Egaña, Oier Guillan eta Alain Urrutiarekin jarri nintzen kontaktuan, poesia, antzerkia, ahozkotasuna eta irudia lantzeko asmotan.

Arestik, bere sasoian, lotura estua zuen ahozko tradizioarekin. Horregatik Andoniren ekarpena garrantzitsua ikusten nuen. Bestalde, Alainek irudiarekin egiten dituen jokoa, zuri eta beltzaren artekoak, aproposak iruditzen zitzaizkidan. Estetika lantzeko bide egokia zela ikusten nuen. Gainera, Bilbo-Arestiaren gaur egungo ikuskera eman zezakeen Alainek.

Lauok gorpuztu duzue, beraz, sentikaria?
Batzarrekoekin geratzen ginen, eta guztion artean eman diogu forma ikuskizunari. Gainera, gu lauoz gain, Iraia Elias, Ainhoa Alberdi, Iban Urizar eta Naia Membrillera ere gehitu zaizkigu taldera. Sorkuntza kolektiboa izan da, bakoitzak bere esperientzia kontatu duena, berarentzat Aresti zer izan den.

Eta zuretzat, zer izan da?
Musikalki ezagutu dut, batez ere, Aresti; Oskorriren lanen bitartez izan nuen berarekin lehen harremana. Gero, eskolan irakurtzen genituen bere testuak, baina inoiz ez nuen izan zaletasun berezirik. Orain, aitzakia honekin, berriz eskuartean izan ditut bere lanak, eta ohartu naiz, zoritxarrez, duela 40-50 urte esan zituenak egun ere balio dutela. Oso gaurkotuak dira bere lanak, gizartea asko aldatu ez den seinale.

Bere esanak musikatzea lan erraza izan al da?
Ez zait oso xamurra egin. Arestiren poemarik gogoenak musikatzeko ez dira errazak izan. Neure ingurura ekarri ditut, neure egin, moldatu.

Eta lortu duzu?
Kontentu geratu naiz lortutakoarekin. Kontrastea jarri nahi nuen musika eta testuen artean. Testuak krudelak dira oso eta musika ez nuen ildo horretatik joaterik nahi. Mezuaren eta musikaren arteko ezkontza ez ematearen arriskua neukan, baina uste dut lagundu eta guzti egiten diola. Kontraste musikalak mezuari mesede egiten diolakoan nago.

Emaitzarekin, hortaz, gustura zaude?

Lehen aldia da sortze prozesuan elkarlanean aritu naizela. Berezia izan da oso, ohituak baikaude bakardadean eta gure zilborrari begira lan egitera. Sortze prozesua ikasketa prozesua ere izan da niretzat. Ideien elkartrukea, iritzi eta ikuspuntuen trukaketa horrek gure hasierako ideiak aberastu egin dituelakoan nago. Zaila dirudi jatorri ezberdinetako sortzaileek bat egitea, baina ikuspuntu osagarriak ditugunez, lana indartu egin du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide