Paperekoa

Publikoa, euskalduna eta propioa

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2022ko abe. 15a, 15:07

Atzo greba eguna izan zuten hezkuntza publikoan. Zaraguetako kideak ere Gasteizko mobilizazioan izan ziren.

Juan Zaragueta Herri Eskolako hezkuntza komunitateak abenduko KARKARA aldizkariko Akuilua hartuta atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Atzo greba eguna izan zuten hezkuntza publikoan, eta artikuluan azaltzen dituzte zergatiak.

Euskal Eskola Publikoaren aldarria ozena izan zen Bilbon azaroaren 5ean. 10.000 pertsona bildu ginen "hezkuntza lege honi, ez" esateko, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deitutako protestan. Zaraguetako maiatzeko berripaperean Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabala ordezkatzen duten lau partidu politikoek adostutako Hezkuntza Akordioaren irakurketa plazaratu genuen, eta ezkorra zen. Eta bereziki bi gako azpimarratzen genituen: euskal hezkuntza zerbitzu publikoak dakarren tranpa eta elite politikoen arteko adostasuna izan zela, eta inondik inora ez herri akordio bat. Bada, azken asteetako mobilizazioek, greba deialdiek, txio bidez eztabaidek eta hedabideetako iritzi artikuluek zein titular handiek ideia horiek indartu besterik ez dituzte egin. Izan ere, aurkeztutako lege aurreproiektuak eta, bereziki, indarrean diren dekretuek, eskola publikoa babestu beharrean ahuldu egiten dute, kontzertatuak zein pribatuak indartzen dituzten bitartean.

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa

Eskola publikoen eta pribatuen arteko bereizketa izan da eztabaidaren oinarrietako bat. Behin eta berriro esaten ari dira publiko-pribatu dikotomia gainditu behar dugula, eta ados gaude. Baina, horretarako, eskolak publifikatzeko marko bat eratu behar da. Eta ez sasi konponbide bat.

Eredu berriaren arabera, betebehar batzuk betetzen dituen ikastetxe orok jasoko du finantzazio publikoa %100ean. Eta ez gaude ados. Orain arte egin dena egiten jarraitzeko formula bat da, beste izen bat emanez. Badira 35 urte itunen dekretua onartu zela. Bertan, diru publikoa banatzeko baldintzak eta neurriak zehazten ziren, eta oraingoak aipatzen dituenak baino zorrotzagoak ziren: ezin ziren kuotak kobratu, lehentasuna zuten egoera zaurgarrian dauden ikasleei erantzuten zieten ikastetxeek, euskara bultzatzen zutenak lehenetsiko ziren, erlijio ekintza guztiak borondatezkoak izango ziren, eta abar. Urte hauetan guztietan, horiek ez dira bete, eta ez dituzte betearazi. Orain, gauza bera egitea proposatzen digute, eta horri, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa deitzen diote. Baina orain arte ez bada bete, hemendik aurrera bai? Bermerik badugu? Ikusiak ikusirik... Pribatuari publiko deitzeak ez du publiko bihurtzen.

Itun politika

Hezkuntza akordioa sinatu zutenetik hona, ikastetxe pribatuen itunak datozen sei urteetarako luzatu dituzte, jakin arren jaiotze tasa txikitzen ari dela. Sare pribatuari bermatzen zaio gela kopuru bera mantendu ahal izango duela. Hortaz, jaiotze tasen beherakadak bultzatuta plazak desagertzen badira, non desagertuko dira? Kontrara, planifikazio dekretuan aurreikusten da sare publikoan ikastetxeek gutxienez bi lerro izan behar dituztela, eta horrek ekar dezake hainbat ikastetxe fusionatzea edo desagertzea. Bermeak ezartzen dira sare pribatuarentzat, eta baldintzak ezartzen dira sare publikoarentzat.

Eskolaratze dekretua

Dekretu berriak segregazioari aurre egiteko asmoak omen ditu, baina ikasle zaurgarriak banatzeko finkatu dituen irizpideek ez diote erantzuten horri. Gakoa ez baita kohesio soziala bermatzeko ikasle horiek banatzea, guztiak modu orekatuan banatzea baizik.

Tinko sinesten dugu Zaraguetako hezkuntza ereduan, publikoan, inklusiboan, euskaldunean, laikoan eta doakoan, aniztasunarekin eta hezkidetzarekin konprometituan, berdintasunean eta kalitatean oinarritutakoan, ikasle guztien hezkuntza integrala eta herri zein gizarte kohesioa bermatzen dituen ereduan. Oriok Zaragueta eta Zaraguetak Orio behar eta merezi duelako, ez dugu etsiko!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide