Zaharrak Berri argazki zaharren ataleko azaroko argazkia Oriokoa da, eta bertan San Martin ermita ageri da. XII. mendea baino lehenagokoa da eliza, eta XVI. mendean zaharberritu zuten. Haren aipamen idatzi zaharrena 1584koa da.
Azaroaren 11n ospatzen da San Martin eguna. Orion, esaterako, Ortzaika auzoko bizilagunek santuaren omenezko eguna eta jaiak ospatzen dituzte. Urtero, meza nagusia entzutera igotzen dira San Martin ermitara, eta, ondoren, hamaiketako goxoaz gozatzera jaisten dira Oliden jatetxera.
Tradizioak dioenez, ermita Orioko parrokia izan zen garai batean. Ermitaren ondoan, gainera, pareta bat dago oraindik zutik. Garai batean, gaitz kutsakorrak zituzten erromesak hartzeko erabiltzen zen toki hura; lazareto esaten zioten. Gainerako erromesak, berriz, Pietateko ospitalean hartzen zituzten.
Irudia eta informazioa Iñaki Iturainen Orio. Historia argazkitan liburutik eskuratuak dira.